Militarrek Jaizkibeldik eta Euskal Herritik alde egin dezaten eskatuko du EH Bilduk osteguneko udalbatzan

imagen

EH Bildu.- Jaizkibel inguruan Espainiako militarren presentzia aspaldikoa da, eta duela gutxi onartezina den beste gertaera baten berri izan dugu. Bat gehiago esan daiteke, horrelako asko gertatu baitira bai eremu honetan eta baita ere Hego Euskal Herriko hainbat parajetan ere.

Orain bertan, egun hauetan, ikusi izan ditugu hainbat militar maniobrak egiten beste herrietan, armak eskuan.

Gipuzkoan askotan onartu dira Espainiako militarren presentziaren aurkako adierazpenak, eta ugariak izan dira egindako mobilizazioak eta ekitaldiak.

Jaizkibelen gertatutakora bueltatuz, Jaizkibel mendia 1985etik Herri Onurarako Mendi gisa katalogatuta dago eta 2004az geroztik, gainera, Natura 2000 Sarearen barruan dago Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa. Hori horrela bada ere, Espainiar militarrek tiro eta maniobra eremua dute bertan, mendiaren 371 hektarea hartzen dituena. Tiroak, detonazioak eta bestelako gerra-ariketak egiten dira bertan.

Ezin da ukatu, gainera, Jaizkibel mendia egun aisialdirako, kirola egiteko edota mendi-proba ezberdinak egiteko gune dela eta bertatik (baita tiro eremu barrutik ere) gure herrientzat, baina oro har lurraldearentzat garrantzitsuak diren Santiago Bidea eta Talaia bidea igarotzen direla (azken hau Donostia-Pasaia-Hondarribia lotzen dituen kostako bidea).

Gainera, tiro eremuak okupatzen duen zonaldean bertan hamarkadak (batzuk 35 urte) dituzten arrantzaleen txabolak eta borda txikiak daude. Horietako batzuk, erabilera librea eta komunitarioa dutena (Azabaratzakoa kasu). Hain zuzen, horietariko batzuk dagoeneko eraitsi dituzte edo eraitsi nahi dituzte Espainiar Militarrek, duela bi urte tiro eremurako pista zabaldu zuten modu berdinean: inolako udal edota ingurumen baimenik eta txostenik gabe. Hau da KBE izendapenak behartzen duen ingurumen-inpaktu txostenik gabe.

Prepotentzia eta harrokeriaz aritzen dira bai hemen, bai beste lekuetan. Udalotako eta bestelako araudiei eta legeei muzin eginez. Gure ingurumenak eta herritarrak errespetatu gabe. Paraje babestuetan ere aritzen dira.

Horregatik guztiagatik, egokia deritzogu Irungo Udalak garbi azaltzea bere posizioa gertakari hauen aurrean. Hauexek dira, zehazki, mozioak jasotzen dituen eskaerak:

Irungo udalak:

  1. Jaizkibel mendia herritarren ondare natural gisa aldarrikatzen du, bateraezina dena maniobra
  2. militarrak eta antzekoekin.
  3. Espainiar militarrek inolako arau-babesik gabe herri erabilerarako borda bat eraitsi izana salatzen du eta eragindako herritarrei bere atsekabea helarazten die.
  4. Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Ulia-Jaizkibel medietako Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) itsas eremura zabaltzeko eta itsas babesgune izendatzeko beharrezko izapideak egitea, dagoeneko Euskadiko Biologoen Elkargo ofizialak eta beste hainbat eragilek eskatu dutenbezala.
  5. Espainiar Gobernuari eskatzen dio Jaizkibelgo tiro eremua berehala desegitea.
  6. Espainiar Gobernuari eskatzen dio plan eta kronograma bat Militarrak Gipuzkoatik eta Euskal Herritik ateratzeko.

Etiquetas: