Irungo EH Bilduk aurrekontuetarako proposamenak aurkeztu ditu

bidasoa.hitza.eus

Irungo EH Bildu.- Koronabirusaren pandemiak areagotu duen krisi garai honetan, inoiz baino ageriago geratu da herritarren beharrei erantzungo dien sistema publiko baten garrantzia. Inor atzean utziko ez bada, instituzioek beharrak dituzten herritar eta sektoreetatik gertu egon behar dute. Eta hauek izango dira, hain zuzen ere, Irungo EH Bilduren gutxieneko proposamenak 2021 urteko aurrekontuetarako.

Hala, proposamen gehiago egongo badira ere, hauek izango dira 2021eko udal aurrekontuari egingo dizkiogun proposamen nagusiak:

1- Udal zerbitzuen deszentralizazioa: (1,5 milioi euro)

Udal zerbitzuak beharrak dituztenengana gerturatu behar dira. Are gehiago krisi garai honetan, beharrak eta arazoak areagotu baitira.

On-line bidez administrazioarekin harremanetan jartzeko aukera egokia bada ere, errealitate hori ez da esparru guztietara iristen (adibidez adineko pertsona askotara eta baliabide informatikoetara sarbiderik ez dutenengana). Esan gabe doa, hainbat zerbitzuk aurrez-aurreko trataera behar dutela, zeinetan euskarri digital batek nekez ordezkatuko duen pertsona batek eman dezakeen tratua.

Hori dela eta, Irungo EH Bildutik beharrezkoa ikusten dugu lau auzo-bulegoren sorrera. Auzo-bulego hauekin Irungo erdigunetik urrun bizi diren herritar askok bermatua izango dituzte udal zerbitzu hauek beren auzoetan.

Hala, auzoetara gerturatzea ezinbestekoak diren udal zerbitzuak: gizarte zerbitzuak (harrera unitatea eta lehen mailako arreta) eta herritarrentzako arreta (HAZ eta kontsumo bulegoa) izango dira.

2. Berraktibazio sozioekonomikorako plana. (3 milioi euro)

Koronabirusak hainbat sektore (adibidez, merkataritza, kultura eta ostalaritza) egoera kritikoan utzi ditu. Neurri murriztaileen eraginez euren ohiko jarduna moldatu behar izan dute eta beharrezkoa da bideratu zaizkien laguntzak zabaltzea, esparru eta ekimen gehiagoetara irits daitezen. Sektoreek euren lanarekin jarraitzeko eta lanpostuak bermatzeko babesa izan dezaten.

2021. urtea kritikoa izango da. Hainbat merkatarik, ostalarik, kultur eragilek, autonomo eta enpresari txikik inoiz pairatu ez duten egoera jasan zuten 2020ean eta aurten inoiz baino garrantzitsuagoa izango da gertuen duten instituzioaren babesa ondoan edukitzea. Egoera kritikoei erantzun egokiak eman behar zaizkielako, udalak proposatutako planari 3 milioi euro gehiago eranstea proposatuko dugu.

3. Hiriko alde zaharreko eremu degradatuak berroneratzea edo biziberritzea (2 milioi euro)

Azken urteotan Korrokoitz bezalako eremu batzuetan esku hartzea erabaki bada ere, Irungo alde zaharra ez da zaharberrituko baldin eta bere eremu guztietan eragiten ez bada. Hori dela eta Papinea eremuaren berroneraziorako 2 milioi euroko proposamena luzatuko dugu, eremu hori espekulazio orotatik aldentzeko, eta aurreko urtean EH Bilduk adostu zuen etxebizitza parke publikoa handitzeko. Aktuazio honekin kontrola eta protagonismoa udalaren eskura bueltatzeaz gain, eremu degradatu hori zaharberritu eta Dunboako ubideko ibai-ibarra leheneratzea lortuko dugu.

Beraz, hauxek izango dira 2021eko aurrekontuetarako Irungo EH Bilduk eramango dituen ezinbesteko proposamenak

Bukatzeko esan, aipatutakoak, pertsonak politiken erdigunean jartzen dituzten proposamenak direla. Ondo dakizuenez, iaz, aurrekontu akordioa lortu genuen udal gobernuarekin. Pentsatzen dugu ustez ezkerrekoa den gobernu batek ez lukeela gure proposamenak onartzeko zailtasunik izan beharko. Eta horretarako gure prestutasuna adierazten dugu, beti ere, irundarron bizi-baldintzak hobetu asmoz.

Etiquetas: