Zubietak ekonomia garbi eta dibertsifikaturako aukera paregabea eskaintzen du

Abotsanitz ZInegotziak Zubietan

Abotsanitzek urteak daramatza proiektuaren alde egiten, azkenengoz iazko aurrekontu eztabaidan

Abotsanitz.- Urriaren 6an, Txomin Sagarzazu alkateak jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Parke Teknologikoen arduradunekin elkartu zela, eta Miramongo Parkearen handitzea Hondarribiko Zubieta eremuan egin zitekeela.

Pozten gara egia bada PNV-k Zubietan jarduera ekonomikoa garatzeko asmoa duela. Egia baldin bada, ez bailitzateke ez lehenengo ez bigarren aldia udal gobernuak gauza bera lau haizetara zabaldu eta gerora ezinezkoa dela esaten duena. Gogoratu besterik ez dago 2010eko maiatzean eta 2015eko martxoan erakunde horiek beraiek Hondarribiko eta Irungo Udalekin sinatutako hitzarmenak eta, bistan denez, bete ez direnak.

Abotsanitzek urteak daramatza Zubietaren alde egiten, jarduera ekonomikoetarako Hondarribiak behar duen eremua Zubietan kokatzeko urratsak eman daitezela eskatzen. Askotan eskatu dugu, urtero, azkenengoz iazko abenduan, aurrekontuetako eztabaidan. Eta EAJk atzera bota zuen gure eskaera.

Industria jasangarri bat garatzeko eta, bide batez, jarduera ekonomikoa dibertsifikatzeko, Zubietaren garrantzia estrategikoa berresten dugu, eta poztuko ginateke behingoz EAJk Zubietaren alde egingo balu. Baina ez dugu konpartitzen eskualdeari bizkarra emanez egiteko adierazitako asmoa. Egia da Zubietako zati handiena Hondarribiko mugen barruan dagoela, baina ez dezagun ahaztu proiektua askoz aberatsagoa litzatekeela Irungo lurrak ere aintzat hartuta. Adibidez, baliogabetutako plan orokorrean jasotzen zenez, Zubietara iristeko bide berriak Irungo Letxunborro etorbidea eta N-638 errepidea lotuko lituzke, eta errepide berri horrek Mendeluk jasaten duen trafikoaren zati bat irentsiko luke, mendelutarren bizi kalitatea hobetuz.

Horregatik, Abotsanitzek eskualdeko ikuspegia lehenesten du eta bilerak eskatuko ditu Irungo udal taldeekin, haien iritzia ezagutu eta Zubietaren aldeko indarrak batzeko.

Hori bai, ez dira ez PNV ezta Abotsanitz ere Zubietan zer egingo den erabakiko dutenak. Herritarrek egingo dute hori, plan orokorraren eztabaidaren barruan. Eztabaida horretan, Hondarribiko ekonomia sektoreen arteko desoreka orekatzen lagunduko lukeen eskualdeko proiektu ekonomiko garbi baten alde egingo du Abotsanitzek.

Etiquetas: