Abotsanitz.-Udal talde guztiek babestu dute joko aretoak aurkako Abotsanitzen mozioa.
Apustu etxerik gabeko hiria izan nahi duela erakutsi zuen atzo Hondarribiak. Abotsanitzek aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten ekaineko ohiko osoko bilkuran, testuan EAJren ekarpena jaso eta gero.
Bi dira onartutako mozioan jasotzen diren puntuak:
- Hondarribia apustu-etxerik gabeko herri izendatzea. Establezimendu horien kontrako mugak ezartzea edo legeak baimentzen dituen neurri mugatzaileenak kontuan hartzea. Kirol jardueretan eta hiriko eremu publikoetan apustu-etxeen publizitatea edo sustapena debekatzea. Eta udal instalazioetan apustu edo joko-makinarik ez onartzea.
- Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuari gaiari buruzko kanpaina iraunkor bat prestatu dezala eskatzea, ikastetxeetan, eta nerabeak eta gazteak elkartzen diren tokietan, jokoarekiko menpekotasunaren arriskuez ohartarazteko (alkoholaren edo drogen menpekotasunaren inguruan egiten duten bezala). Datorren ikasturteari begirako proiektu bat aurkeztea edo lanketa bat abiatzea eskatzen diogu Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuari. Horretarako, beharko balitz, beharrezkoa den aurrekontua bideratzea ere eskatzen dugu.
Aitzol Arroyok aurkeztu zuen Abotsanitzen mozioa. Apustu etxeen hedatzearen eta ludopatia kasuen gorakadaren aurrean hausnarketa ezinbestekoa dela esan zuen Arroyok. Hezkuntza eta kontzientziazioa zabaltzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen, baina era berean, arazoari mugak jarri behar zaizkiola, eta Hondarribiko Udalak urrats batzuk eman ditzakeela.
EAJren udal gobernuaren izenean Maria Serrano Gazteria zinegotziak babestu zuen mozioa, eta Prebentzio Komunitarioak datorren ikasturteari begira gaiari buruzko kanpaina bat prestatuko duela gaineratu zuen.
Abotsanitz Udal Taldeak balorazio oso positiboa egin du atzoko erabakiaz, batez ere adostasun maila kontuan izanik. "Badakigu arazoa ez dela honekin konponduko, apustuak eta jokoa ez direlako establezimendu horietan bakarrik gertatzen, badira joko makinak herriko zenbait tabernetan eta, batez ere, online jokoa dago. Gizarte osoaren inplikazioa behar da ezkutuko droga honen aurkako muga eraginkorrak ezartzeko, eta pairatzen dutenei behar duten laguntza emateko".
- Egutegia
- 567 irakurketak
- Castellano