Uliako itsas hondotik sare fantasma bat ateratzeko asmoa dago, Donosti Buceo, Eguzki, Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzua eta AZTIren parte hartzea eskatu duen operazio konplexu samar baten bitartez. Zehatz-mehatz, Mendebaldeko Bantxa aldean izango da, Pasaiko portuko bokanatik atera eta ezkerrera.
Sare hau noizbait galdu edo abandonatuta geratu zen, eta, denboraren poderioz, urpeko arroketan finkatu da, 25-30 metroko sakoneran. Han, txangurro, misera itsas aingira eta beste hainbat espezierentzako tranpa izaten jarraitzen du.
Buceo Donostiko kideek orain dela gutxi sare horren zati txiki bat ateratzen lortu zuten, baina ondorioztatu zuten gainerakoa atera ahal izateko segurtasun-berme handiagoak behar zituztela.
Gauzak horrela, Eguzki talde ekologistarekin harremanetan jarri ziren, eta, batzuen eta besteen artean, Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzuarekin eta AZTIrekin hainbat gestio egin dituzte. Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzuak, legez eskumena duen erakundea izateaz gain, baliabideak ditu sarea aterako duten Buceo Donostiko hamabi bat kideren segurtasuna bermatzeko. Bai ur gainean, bai urpean, izan ere, urpeko jardueren talde bereziak (GEASek) ere parte hartuko du. AZTIk, berriz, sare mota horiei eta, oro har, plastikoei buruz egiten ari den azterlanak osatzeko aprobetxatuko du, eta, azkenean, hondakina bideratzeaz ere arduratuko da.
Honelako sare hauen izen teknikoa ALDFG da (Abandoned, lost or otherwise discarted fishing gear; “abandonatutako, galdutako edo baztertutako arrantza-arteak”), baina izen arrunta “sare fantasmak” edo izaten da.
Sare hauekiko kezka gero eta handiagoa da. FAOren arabera, urtero 640.000 tona arrantza-arte amaitzen dira itsasoan. Handiak zein txikiak, gaur egun ia guztiak plastikozkoak dira. Ozeano Barean dagoen Zaborraren Orban Handia delako “kontinentea”ren %46 sarez osatuta dago. Baina sare fantasmekiko kezka ez da soilik ozeanoak plastikoz betetzen dituen olatuari ekarpen handia egiten diotelako, baizik eta nabigaziorako arazo bat direlako eta, batez ere, faunarentzako tranpa hilgarriak eta ekosistementzako benetako mehatxua izaten jarraitzen dutelako.
- Egutegia
- 538 irakurketak
- Castellano