“Zein ederra izango zen datorren urtean guztiok batera, elkarrekin eta berdintasunean alardean elkar topatzea”

Alarde parekideko zenbait kide, 2018an.

EH Bildu.- Ekaineko azken egunak iritsi dira eta zalantzarik gabe, egun hauek bereziak dira irundar guztiontzat. Lagun eta senideekin batera egoteko eta elkarrekin ospatzeko uneak izan ohi dira.

Aurten ordea, bigarren urtez jarraian, ezohiko egoera bizi dugu koronabirusa dela-eta. Ez dugu San Martzial jairik izango, baina zinez espero dugu bakoitzak egun berezi hauetaz gozatzeko moduren bat aurkitzea, arduraz eta elkar-zainduz, betiere. Izan ere, urte gogor baten ostean garrantzitsua da egunerokotasunetik atseden hartu eta senide eta lagunekin batera gozatzeko aukera izatea.

2021 urte hau, gainera, berezia da, 25 urte betetzen baitira lehen emakumeek alardearen arrankadan parte hartzea lortu zutela. 57 emakume horiek tentsio une oso bortitzak jasan behar izan zituzten herriko jaietan berdintasunez parte hartzen saiatzeagatik. Lerro hauen bidez gure eskertzarik beroena luzatu nahi diegu 1996 urtea hartan bidea ireki zuten emakumeei. Beraiei esker, egun ehunka dira alarde parekidean desfilatzen duten emakume eta gizonak.

1996 gogor horretatik honera aurrerapausoak eman direla uka ezina da, baina normaltasunetik urrun jarraitzen dugu. EH Bildun urteak daramagu berdintasunak politika publiko guztiak blaitu behar dituela aldarrikatzen, espazio guztietan eta urteko egun eta ordu guztietan.

Osasun-egoerak eragindako bi urteko etenaldi honek hausnarketarako aukera bikaina eskaintzen du: Zein ederra izango zen datorren urtean guztiok batera, elkarrekin eta berdintasunean alardean elkar topatzea. Zentzu honetan, Irungo EH Bildun gure konpromiso argia berresten dugu.

Etiquetas: