Iratxe Sorzabalen aurkako sententzia dela eta

Argazkia: kazeta.eus

Irungo Sortu.- Irungo Sortuk honakoa adierazten du Iratxe Sorzabalen aurkako sententziaren aurrean.

Irungo Sortuk oso larritzat jotzen du Iratxe Sorzabal irundarrak, asteartean, 24 urteko kartzela zigorra jaso izana. Sententzia honekin argi geratu da tortura ez dela iraganeko kontua. Gaur egun, hemen eta orain, Iratxe Sorzabalek jasandako torturan oinarritzen den kondena luzea ezartzea da horren adierazle garbia.

Iratxeren kasuan bezala, azken hamarkadetan milaka euskal militanteren aurka erabili da tortura. Gure herrian, Irunen, 71 tortura kasu egon dira eta Euskal Herrian, orotara 5657.

Milaka izan dira torturaren atzapar krudelak ezagutu behar izan dituzten euskal militanteak. Tortura hauen ondoriozko autoinkulpazioetan oinarrituta, askok jaso dituzte espainiar estatuko mendeku politikaren erakusgarri diren sententzia bidegabeak.

Inongo arduradun politikok edo epailerik ere, ez du inolako zintzotasun ariketarik egin. Inork ez du eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman. Inor ez da jardun torturan oinarritutako sententzia bidegabeak berriro eman ez daitezen.

Iratxeri ezarritako sententziak argi adierazten du, oraindik orain, tortura zuritu egiten dela, eta arduradun politikoek eta tortura praktikara eraman duten poliziek inpunitate osoa dutela.

Torturaren egia argitara eramatea behar-beharrezkoa da horrelako sententzia bidegabeak berriro eman ez daitezen, bai eta milaka torturatuk merezi duten aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeekin ere, herri honek bake eta askatasun agertoki berri baterantz aurrera egiteko.

Etiquetas: