Basakeria kapilalista salatu zen igandean Avenida zubian


Bidasoko eta Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek deituta, hamarnaka lagun bildu ziren igandean Avenida zubian basakeria kapilalista salatzeko.

Bertan salatu zuten 2021ean zazpi migrante zendu direla Euskal Herria gurutzatzen ari zirelarik. Egunerokoan erabiltzen ditugun bideetan erailak. Baina sistema kapitalistaren bortizkeria ez da migratzaileen gaineko biolentziara mugatzen. Iragan berri den urtean 61 langilek galdu dute bizia bere lanpostuan: lan baldintza txarrak, lanaldi luzeak, epe laburreko kontratuak, lan kargaren hazkundea, lansari apalak. Lansaripeko lanean ematen diren heriotza horiek ez dira istripu hutsak, burgesiak proletalgoari inposaturiko bizi baldintzen ondorioetako bat baizik.

Hori gutxi balitz, bortizkeria matxistak bost emazte hil dituela urte bakarrean gogora ekarri zuten. Eta 5.000 eraso matxista baino gehiago salatu badira ere, anitzez gehiago dira emazte langileek pairatutako erasoak: sexualizazio basatia, jazarpen birtuala edota industria sexuala. Sistema kapitalistan, burgesiaren irabaziak bermatzen dituen heinean erreproduzitzen da emazte langileen zapalkuntza.

Biolentzia kapitalistaren muturreko eragina suzidioen kopuru historikoetan ere ikus daiteke: 200 pertsonak baino gehiagok egin dute beren buruaz beste aurten, Euskal Herrian. Bukatu berri den urtean eman diren ehundaka etxe kanporatzeak ere aipatu beharra dira, baita kale gorrian bizi diren 3.000 pertsonen egoera ere.

Bortizkeria forma guzti hauek ez dira kasualitatea sistema kapitalistan. Burgesiak gizartearen gehiengoa bortizkeria pairatzera eramaten du, burgesiaren boterea klase baten esplotazio eta zapalkuntzan oinarritzen baita. Horregati esan zuten gaurtik, zapalkuntza ororen desagerpena ekarriko duen klaserik gabeko gizartea eraikitzea dagokigula. Horregatik aldarrikatzen dutela antolakuntza komunista, biolentzia honi guztiari buru eginen dion antolakuntza forma baita.

Etiquetas: