Auzoek Irun egiten dute

Oihana-Jokin

Irungo EH Bildu.- Azken urteotan zerbitzuen birzentralizazio bat pairatzen ari gara, eta honek hainbat desoreka eragin ditu. Gipuzkoaren kasuan argia da lurraldean ematen ari dena, Gipuzkoarrak kostara bizitzera ari dira etortzen, barrualdeko eskualdeetako biztanleria gutxituz.

Gogoratu behar dugu Irun dela biztanlerian igotzen jarraitzen duen hiri bakarrenetakoa. Bada, bitxia da Irunen biztanleriak igotzen jarraitzen badu ere gero eta zerbitzu gutxiago eta zentralizatuagoak edukitzea.

Osasun zerbitzuen kasuan ikusi dugu adibide garbi bat non herritarren erantzunagatik ez balitz Donostira joango behar izango ginen ebakuntzak egitera. Zer esanik ez bankaren zerbitzuekin; auzoetan zeuden bulegoak itxi edota pertsonalik gabe uzten ari dira, kutxazainak baino ez utziz. Gure auzoak bizitzarik gabe uzteko lehenengo urratsak dira

Udal zerbitzuen kasuan, gogoratu nahi dugu azken hilabeteotan plazaratu dugun proposamena, non udalekoak diren hainbat zerbitzu auzoetara hurbiltzeko plangintza abiatzea proposatu dugun. Zerbitzu hauek HAZ unitatea, ongizate arloko lehen arreta zerbitzua eta CBArekin sarean funtzionatuko lukeen kultur gune-liburutegia jasoko lukete. Hau abiatzeko lehenengo urratsa lortu genuela gogoratu behar dugu, pasa den aurrekontuan.

Aipatutako zerbitzuez gain, auzoetan bizitza sustatu asmoz ezinbestekoa iruditzen zaigu kultur ekimenak auzoetara eramatea, hor dago, besteak beste Kultura KM0 egitasmoa. Gure taldeari esker, gehiago inbertitu ahal izan zen tokiko kultura bultzatzeko. Aurten ere horretan sakondu nahi dugu, baina auzo guztietara iristeko asmoz. Era berean, ez dezagun ahaztu hauetaz guztietaz gain, auzo biziak nahi baditugu beste hainbat alderdi hartu behar direla kontuan, eta hori dela eta, hausnarketa bat planteatu nahi dugu, hala nola, auzoetan zein kultura eta kirol-guneak behar diren, zein komertzio mota sustatu behar den, eta abar.

Konektibitatea ere bada landu beharreko gaia. Garraio publikoak gure auzoen arteko konexioa bermatu behar du, baita gauean ere. Gure ustez, gaur egungo Gautxoriaren zerbitzua ez da nahikoa konektibitate hau bermatzeko, eta maiztasuna handitzeko eskatzen jarraituko dugu.

Beraz, Irun bizia nahi badugu, lan handia dugu egiteke, eta Irungo EH Bildutik aipatutako neurri horietan guztietan lanean jarraituko dugu.

Etiquetas: