"Sustraietatik eraldatuz, berdintasuna errotzen” Generoa haur literaturan Hitzaldi zikloa

KARTELA ZIKLOKO SAIO GUZTIAK

Parean.- Nolakoak dira gauero lokartu aurretik haurrei irakurtzen dizkiegun ipuinak? Nola eragiten dute sortzen ari diren iruditegian? Eta nolakoak dira haur eta gazteek liburutegietan topatzen dituzten liburuak? Zein balio agertzen dira bertan? Eta ilustrazioek zer pentsa ematen diete?

Gure barrua islatzen duen bezala, inguratzen gaituen gizartearen ispilu ere dira ipuinak. Gure jendartearen balioak, jarrerak eta ezagutzak aurkitzen ditugu maiz lerro artean. Eta tamalez, dezente dira ipuinetan betikotu beharko ez ziren ereduak. Ipuinek irudimena eta jakin mina pizten dituztela argi dago; zoritxarrez, ordea, hain egokiak ez diren balio eta jarrerak erreproduzitzen eta mantentzen laguntzen duten tresnak ere badira.

Gure haur eta gazte literaturak genero berdintasunaren eraikuntzan nola eragiten duen ezagutzeko asmoak ikerketa bat egitera eraman zuen Parean elkartea orain bi urte. Zehazki, Irungo Haur eta Lehen Hezkuntzako Irungo Eguzkitza ikastetxeko liburutegiaren azterketa egin genuen eta bertan, genero-ikuspegia abiapuntu hartuta, zenbait ondorio kezkagarri atera genituen. Mutil protagonistak askoz gehiago dira (%62an), ipuinen idazleak gizonak dira nagusiki (%65an) eta istorioek sarriegi estereotipo sexistak erreproduzitzen dituzte... Aztertutako ipuinen %13an baino ez dira ageri emakumeak zaintzan ez den bestelako rol batean, eta lan egiten agertu direnean, gehientsuenetan irakasle edo dendari lanetan baino ez. Zaintzaren zama emakumeen esku ageri da liburu gehientsuenetan eta familia eredu tradizionala nagusi da oraindik, kultur aniztasuna batere ageri ez den gure haur literaturan. (Hemen ikerketa osoa)

Ondorioak eskuartean, haur literaturaren industrian parte hartzen duten egile eta agente ezberdinekin generoaren inguruko hausnarketa prozesu bat ireki nahi dugu, herritarrentzat irekiak izango diren saio ezberdinekin. Helburua, finean, haur literaturaren baitan generoaren gaia lantzeak duen garrantzia gizarteratzea da, eztabaida eta kezka hau gizarteko zenbait esparrutara zabalduz.

Maiatzaren 1lan Donostiako Gros auzoan dagoen Tobbaco Days liburu dendan (Secundino Esnaola Kalea, 7an) haur literaturako Lur Gallastegi Zendegi idazlearekin solasaldia izango dugu 18.30tatik aurrera.

Maiatzaren 26an, Ainara Azpiazu, Axpi, euskal ilustratzaile, komikigile eta muralgilearekin marraztuz haur eta gazte literaturan generoak joka dezakeen paperaren inguruan hausnartzea da asmoa. Hitzordua Errenteriako Lekuona Fabrikan izango da eta 8 eta 13 urte arteko gaztetxoentzat zuzendutako ilustrazio saioa izango da. Saioa 17.30tan abiatuko eta aurrez izena eman beharko da.

Ekainaren 10an, Oiartzungo udal liburutegian, ipuin kontalari, musikoterapeuta, musika irakasle eta aldi berean musikaria den Haizea Loira Matxiñenaren eskutik “Berdintasunari konta eta kanta” saioa eskainiko da, 7 urtetik gorako haurrei eskainia. Hitzordua arratsaldeko 17:30tan izango da.

Ekainaren 21ean, Irungo CBA liburutegian argitaletxeen txanda izango da. Hitzordua 19.00tan izango da eta Pamiela-Kalandrakako haur literaturako arduradun Carmen Elvira eta Alberdania argitaletxeko Jorge Giménez Bech izango ditugu hizlari lanetan.

Etiquetas: