Behe Bidasoko EH Bildu martxoaren 8aren harira

Manifestación 8 Marzo 2020 Hendaia-Irun-Hondarribia

Behe Bidasoko EH Bildu.- Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara Behe Bidasoko EH Bildun egin dugun hausnarketa plazaratu nahi dugu. Pandemiaren gorria pasa dugula uste dugun honetan, hutsune nabarmenak agerian geratu dira eta zaintzak duen garrantzia indartuta azaldu zaigu.

Hori da Euskal Herriko kolektibo feministak aurtengorako hautatu duen aldarri nagusia. Zaintzak eusten dio leku dugun mundu honi bizirik eta oinarrizko lan hori gabe ez gara inor. Etxean, familian, pribatizatu asmo duten sistema publikoetan zaintzaren kateak mantentzen gaitu. Instituzio publikoak, eta gure kasuan udalek, kate luze horretan katebegi garrantzitsua dira eta ezin diote muzin egin bizirik mantentzen gaituen horri. Horregatik, eta begirada gertukoan jarrita, Irun eta Hondarribiko udaletan martxoaren 8ko adierazpenean eskaera zehatz bat egin nahi dugu.

Urteak joan urteak etorri, Bidasoa Beheko eskualdean bada berdintasunean aurrera pausoak emateko oztopo den gai bat, Alardean emakumeen parte-hartzea. Irungo eta Hondarribiko udaletatik eta gainerako instituzioetatik egoera honi irtenbidea emateko ezintasunak agerian jarri dira urte hauetan. Gainera, Alarderik egon ez den pandemiako azken bi urtetan ere egoera hau aldatzeko eta konpontzeko pausorik ez da eman, aukera paregabea galdu dela uste dugu. Ezin diogu arazo honi bizkar emanda jarraitu, momentua da bideak ireki eta arduraz eta konpromiso osoz aterabideak lantzeko.

Horiek horrela, Behe Bidasoko EH Bilduk Irun eta Hondarribiko udalek onartu asmo duten M8ko adierazpenean ondorengo puntua hauek txertatzea eskatzen dugu:

  • Irun eta Hondarribiko jaietan egiten den espazio publikoaren erabilera berdintasunaren printzipioetan oinarritzeko bidean lan egiteko konpromisoa eskatu diegu bi udalei. Gure herriko jaietako parte hartzea ezin da sexu zioengatik galarazi, bazterkeria hori ez dugu onartzen eta emakumeek gure herriko jaietan parte hartzeko eskubidea dutela adierazten dugu.
  • Hondarribian, berdintasun teknikari osoa kontratatzea eta berdintasunaren sailaren sorrera eskatu dugu.
  • Irunen Berdintasunaren V. Planean Alardearen gaia txertatzea eskatu dugu, jaietan emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean pausoak definituz.
  • Urteak dira berdintasun alorrean anomalia horretan bizi garela. Bada garaia arazo honi heldu eta aterabideak proposatzen hasteko. Gure udalak ere badira bizi dugun herriaren zaintzaren arduradun eta ezin dute haiena den funtzioari muzin egiten jarraitu.

Etiquetas: