Irungo EH Bilduk alokairu soziala bultzatzeko ezohiko neurriak eskatzen ditu

irudiak

Irungo EH Bildu.- Ezaguna da gure taldeak alokairuko etxebizitzen parke publikoaren alde egin duen apustua. Legegintzaldi honetan, ahalegin handia egin dugu, eta helburu horretara sei milioi euro baino gehiago bideratzea lortu dugu.

Iraileko osoko bilkuran, 60 etxebizitza publiko inguru onartu ziren Alei eremuan. Joan den udan egiaztatu ahal izan genuen gure taldeak Alarde eremuan hitzartutako 10 etxebizitzak egingo direla.

Baina, zalantzarik gabe, hori guztia ez da nahikoa. Gaur egungo egoeraren aurrean, inflazioaren eta alokairuaren prezioaren igoera neurrigabearekin, EH Bilduk gure hirian sortzen ari diren behar berriei ausardiaz eta konbentzimenduz erantzuteko eskatzen dio udal gobernuari. Ez da onargarria Irungo gazteek, Irungo familiek, batez beste 700 €-ko alokairua ordaindu behar izatea soldatak murrizten ari direnean. Ez da onargarria diru-sarreren % 70a etxebizitza eta haren gastuak ordaintzeko erabili behar izatea.

Hartutako neurriak norabide egokian doazela onartuz eta baloratuz, EH Bildun ez dugu konformistak izan nahi. Irunek, eta bereziki klase herrikoiek eta langileek, beraien alde borrokatzea merezi dute. Egoera gogor hau arintzen lagunduko diguten alternatibak mahai gainean jartzea merezi dute.

Horretarako, aurrekoetan esan dugun bezala, ezinebestkoa da etxebizitza hutsen errolda lehenbailehen egitea, alokairu-erregimeneko etxebizitzen parke publiko hori pixkanaka handitzen joan ahal izateko.

Hala, aurrerantzean ere, EH Bildun egoera ekonomikoaren ondorioak arinduko dituzten akordioetan jarraituko dugu. Eta gainera, buru belarri defendatuko ditugu, instituzioetan eta kalean, irundar guztien ongizatea eta duintasuna bermatuko dituen tresna juridiko eta politikoen eraikuntza. Hori da gure konpromisoa.

Etiquetas: