EH Bildu Irun.- Joan den asteko astelehenean egindako osoko bilkuran Irungo aurrekontuak onartu ziren, soilik udal gobernuaren aldeko botoekin. Irungo EH Bildun ezetz bozkatu genuen, aurrekontuek justizia sozialean eta Irunen dagoen gizarte arrakalan askoz gehiago sakondu beharko luketela iritzita.
Zentzu horretan, ezaguna denez, auzo bulegoak sortzeko proiektu piloto bat martxan jartzea, gazteei bideratutako alokairu publikoko apartamenduak sortzea eta trantsitoan dauden migratzaileak artatzeko dispositiboetatik kanpo geratzen direnen kasuistika jasotzen duen txostena egitea izan ziren EH Bilduk aurkeztutako zuzenketak. Horrekin batera, negoziazioetan euskararen erabilera areagotzeko neurriak eskatu genituen, udal kontratuen pleguetan eta agerraldi publikoetan, batez ere.
Irungo auzoetan bizitza suspertzea Irungo EH Bilduren aspaldiko eskaera da, gure hiri eredua marrazten duen ardatzetako bat da, auzoek egiten baitute Irun. Eta horretarako ezinbestekoa da auzoei baliabideak ematea. Horregatik HAZ zerbitzua, Ongizate arloko unitatea eta liburutegi saretua/kultur gunea jasoko dituzten auzo bulegoen alde egin dugu. Bulego hauek gune fisiko bat izatetik harago doaz, udala herritarrengana gerturatzeaz ari baikara. Irundar guztiek, auzotar guztiek, udala gertu izateko eskubidea izan beharko lukete.
Tamalez, udal gobernuak bestelako eredu bat du, eta zinez uste dugu herritarrengatik gertuago egoteko aukera on bat galdu dela. Gure zuzenketa ez baina, gaiaren gaineko ikerketa egitea onartu du udalak, horretarako 20.000 euro bideratuz. Argi dugu ikerketa horrek ez gaituela asebetetzen, baina espero dezagun ikerketa hau proiektua gauzatzeko abiapuntua izatea, auzoek ez baitute gutxiago merezi.
Alokairuko etxebizitza publikoen parkea sortzea izan da Irungo EH Bilduk azken urteotan egin duen beste apustu garrantzitsu bat. Aurreko urteetan guztira 6 miloi euroko akordioa lortu dugu. Inbertsio hau inflexio puntua izango da Irungo etxebizitza merkatuan. Espekulazioarekin bukatzeko urrats garrantzitsua, zalantzarik gabe. Aurten gazteengan jarri dugu indar berezia. Izan ere, agerikoa denez, gazteek zailtasun handiak dituzte etxebizitza bat eskuratzeko orduan, eta gainera, zinez uste dugu gazteek pisu handiagoa merezi dutela aurrekontuan, jakina denez etxebizitzarik gabe nekez garatu baitaiteke bizi-proiektu duinik. Hala, gazteei zuzendutako apartamenduak sortzea proposatu dugu, alokairu publikoan.
Udal gobernuak ez du proposamena aintzat hartu, baina argi daukagu lanean jarraituko dugula Irungo alokairuko etxebizitzen parke publikoa has dadin. Bide honetan, gogoratu nahi dugu, EH Bilduren ekimenez Lucas de Berroa kalean dagoen erromesen aterpetxe ohian etxebizitza publikoak egiteko proiektua egingo dela.
Hasieran esan bezala, ezezkoa eman diogu aurrekontuari, benetan uste dugu udal gobernuak aukera galdu duela aurrekontu sozialagoak egiteko eta irundarren beharretatik gertuago egoteko. Aurten ez da aurrekontu akordioa lortzeko baldintzarik eman. Izan ere, EH Bildun balizko akordioak edukietan oinarritzen ditugu, onuragarriak diren edo ez, eta horren gainean hartzen ditugu erabakiak. Halere, garbi adierazi nahi dugu, gure eskuak luzatuta jarraitzen duela, oraingoan posible izan ez dena aurrerantzean gauzatu dadin, beti ere, irundarron bizi-baldintzak hobetzeko helburu argiarekin.
- Egutegia
- 226 irakurketak
- Castellano