EH Bildu.- Apirilaren 17an Aberri Eguna ospatuko dugu EH Bilduko kideok Iruñean. Hori dela eta, Irungo EH Bilduk bertara joateko autobusa antolatu du.
Dagoeneko, eman daiteke izena goizetan Irungo Bilgunean (Prudencia Arbide 2, San Juan plaza) edo irun[@]ehbildu.eus-era idatzita. Autobusa 10:00etan irtengo da Irungo Bixeratik.
Aurten 500 urte bete dira Amaiurreko gudatik eta 90 urte lehen Aberri Eguna ospatu zenetik. Bi efemerideok kontutan hartuta, EH Bildu bakea, demokrazia eta burujabetza aldarrikatzera doa apirilaren 17an. 500 urte luzez estrategia iraunkorra egon da herri hau desagerrarazteko, baina, oraindik tinko jarraitzen dugu. Gure herriak, gure lurrak, gure hizkuntzak eta gure kulturak bizirik dirau.
Gure iraganari etorkizun bat bilatu nahi diogu, Amaiurren egin genuena egiten jarraitu nahi dugu; herria defendatuz, jendea defendatuz, herriaren askatasuna defendatuz, eta hori soilik gure herriari etorkizun bat eskainiz egin dezakegu.
Horregatik, datorren apirilaren 17an, subiranotasuna, askatasuna eta berdintasuna eskatzera goaz EH Bilduko kideok Iruñera. Iraganetik etorkizun berri bat eraikitzera goazelako. Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugunok, modu aske, demokratiko eta baketsuan gure etorkizuna hemen erabaki nahi dugulako.
Gure herrian dauden desberdintasun sozial guzti-guztiak agerian utzi ditu pandemiak, eta horren aurrean, eredu politiko-sozial, ekonomiko eta kultural herritarra aldarrikatuko dugu. Hori horrela izanik, irundar suberanista eta independentista guztiei dei egiten diegu hurrengo apirilaren 17an gurekin batzera eta Irundik autobusean elkarrekin joatera Iruñean antolatu dugun Aberri Egunera.
- Egutegia
- 247 irakurketak
- Castellano