Sagarzazu alkateak ezkutatu egin du uztailean kirofanoen obra baimendu zuela

Kontzazioa Hondarribia

Proiektua martxotik Hondarribiko Udalean dagoela jakin du aste honetan Abotsanitzek

Abotsanitz.- Uztailaren 28an Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa eraberritzeko obretarako lizentzia eman zuen Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak. Abotsanitz Udal Taldeak aste honetan izan du horren berri, eta Osakidetzak iazko martxoaren 4an erregistratu zuela Hondarribiko Udalean obraren proiektua, xehetasun guztiak azalduz. Alkateak informazio hau ezkutatu egin die zinegotziei, komunikabideei eta herritarrei.

Urriaren 28ko osoko bilkuran, Abotsanitzek aurkeztutako mozioaren eztabaidan, proiektua udalean zegoela eta obra baimenaren dekretua sinatu izana ezkutatu zuen alkateak. Are gehiago, ziurtatu zuen informazioa falta zuela, eta sailburuari eskatu ziola. Hitzez hitz, zera esan zuen: "Faltan botatzen dugu Osakidetzatik, osasun ardura duten horiengatik, informazio guztia jasotzea. Horren falta sumatu dugu eta hori eskatu dugu".

Geroago ere, gaiaz hitz egin duen aldiro ezkutatu egin du proiektua ezagutzen zuela eta kirofanoak ixteari argi berdea eman ziola. Esaterako, urtarrilaren 17an eta otsailaren 3an eskualdeko bi irratitan eskainitako elkarrizketetan. Urtarrilean Radio Irunen hala mintzatu zen: “Ni harremanetan jarri naiz sailburuarekin, eta esan zidan harremanetan egongo garela. Espero dut elkartuko garela eta informazio hori izango dugula”.

Bi aste geroago Antxeta Irratian hau adierazi zuen: «Ospitalearekin kezkatuta gaude, ikusten dugulako proposatu den 18 hilabeterako proposamena ez dugula ezagutzen, eta espero dut informazioak laster jasotzea, bestela, beste neurri batzuek hartuko ditugu».

Abotsanitz Udal Taldeak gertatutakoa oso larria dela uste du. Ikusita herritarrak zein kezkatuta dauden gai honekin, oso larria da alkateak kirofanoak berritzeko proiektua ezagutzen zuela ezkutatu izana eta, batez ere, obra baimendu izana. Horrelako informazioak ezkutatzen dituen alkate bat al da Hondarribiak merezi duena?

Etiquetas: