Jaizkibelen berriro ere belatz handi bat tiroz bota dutela salatuko du Eguzkik Fiskaltzan

imagen

Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra.- Igandean, Jaizkibelen, berriro ere belatz handi bat (Falco peregrinus) tiroz bota dutela salatuko du Eguzkik Ingurumen Fiskaltzan. Sare sozialen bidez zabaldu denaren arabera, belatza, zaurituta, Arizmendiko Basa Fauna Berreskuratzeko Zentrora eraman dute, Urnietara.

Hain justu, orain dela urtebete, beste belatz handi bat bota zuten Jaizkibelen. Horren ondorioz, Foru Aldundiak hainbat ehiza-postu itxiarazi zituen bolada batez, eta oraingoan ere neurri bera hartu duela edo hartuko duelakoan gaude. Baina garbi dago ez dela nahikoa. Izan ere, ematen du marmotaren eguenan bizi garela, legez babestutako hegaztiak tiroz botatzea ez baita zerbait puntuala, kronikoa baizik. Orain dela urtebete jakin genuen aurreko ehiza-denboraldian Igeldoko Arrano Etxera tiroz botatako 33 hegazti iritsi zirela, horietako 21 espezie babestu edo ez-zinegetikoetako aleak. Eta zenbaki horiek icebergaren tontorra baino ez dira, pentsatzekoa baita tiroz botatako hainbat ale jasoko dituztela botatzaileek berek, eta beste hainbat sasi artean edo galduko direla.

Foru Aldundiari ez zaio gustatzen gertaera hauek hauspotzea –izan ere, horien berri ez du ematen, motu propio, behintzat–. Bistaratzen baldin badira, egiten duena baino gehiago egin behar duela agerian geratuko den beldur delako edo. Horregatik, horrelako gertaeren berri izaten dugu soil-soilik botatako hegazti bat aurkitzen duenak publiko egiten duenean edo jakinarazten digunean, igandeko belatzaren kasuan bezala. Eta, gure ustez, hori da bidea, arazoa bistaratzea: hau ez da normala eta ez da normalizatu behar.

Gauza batez, berriz, duda gutxi dugu: oraingoan Foru Aldundiak behar bezala jakinaraziko dio Fiskaltzari belatza bota egin dutela. Fiskaltzak Aldundiari kargu hartu izanak ondorio hori, behintzat, izango du (ikus).

Kontuan izan behar da legez babestutako hegazti bat tiroz botatzea delitua izan daitekeela, kartzela-zigorra eta guzti ekar dezakeena. Egia da, baina, oso zaila izaten dela delitugilea identifikatzea, baita ehiztari “legalez” inguratuta dagoenean ere.

Etiquetas: