Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren aurrean, LAB sindikatuak bat egiten du arrazakeriaren aurkako borrokarekin eta pertsona guztien erregularizazioa aldarrikatzen du

Logo LAB Sindikatua

2022ko martxoaren 21a Europan gerra-eskalada nagusi den testuinguru batean dator, eta testuinguru horren ondorio ugarien artean, asiloa eta aterpea eskatzen duten Ukrainatik etorritako pertsonen migrazio-prozesu handia eragin du.

Erakundeek egoera honi eman dioten erantzun azkarrak erakutsi du borondate politikoaren kontua dela: bizirauteko estrategia gisa migratzen duten pertsonak erregularizatzea posible eta egingarria da.

Gauzak horrela, beste behin, azalaren kolorean, jatorrian eta gotortutako Europa baten politiketan gauzatzen den arrazakeria instituzionala salatzen dugu. Politika arrazista honek milaka pertsona diskriminazioaren eta indarkeria-mota anitzen eraginpean egotera kondenatzen ditu; baita beren migrazio-prozesuan bizia arriskuan jartzera ere. Egoera batzuetan administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonak zaintzeagatik langile publikoak zigortu eta beste batzuetan arreta hori bultzatzen duen politika hipokrita bera da.

Egoera horren aurrean, LAB sindikatuak arrazakeriaren aurkako borroka babesten du, eta bat egiten du estatu espainiarreko atzerritarren ezohiko erregularizaziorako herri-ekimen legegilearekin. Gure afiliazioa ekimen honekin bat egitera animatzen dugu eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako gure egoitzak sinadurak biltzeko guneak izango dira.

Bada garaia lrun-Hendaia mugan militarizazioarekin, etnia- eta arraza-profilaren araberako kontrolekin eta “beroan” egindako itzulketekin amaitzeko. Hego eta Ipar Euskal Herria indarrez banatzen dituen muga inposatua heriotzaren muga bihurtu da transitoan dauden pertsona migratuentzat. Joan-etorri segurua bermatu, harrera segurua eta lan zein bizi baldintza duinak bermatzeko premiazko neurri politikoak hartzeko exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari eta Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoari.

Migratzea eskubide bat da, eta pertsona guztiek izan beharko lukete aukera-berdintasuna eta bizitza eta enplegu duinak eskuratzeko aukera, norberak bizi nahi duen tokian. Atzerritarren legeak salatzeko eta Euskal Herria biolentzia arrazista, matxista, koloniala eta klasistarik gabeko lurralde gisa eraikitzeko erantzukizun politikoa dugu: Egin dezagun gure harrera gizarte eta Herria izateko AUKERA,

Irmotasunez diogu: arrazista ez izatea ez da nahikoa. Horregatik, LABen aktiboki lan egiten dugu, zor kolonial baten partaide garela onartuz. Badakigu asko dugula des-ikasteko, gure burua antirrazismotik eraikitzeko eta urrats zehatzak emateko arpilatze, espoliazio, neo-kolonialismo, nekropolitika, militarizazio eta oinarrizko eskubideen urratze sare baten aurrean.

Gure lekutik, arrazakeriaren aurkako praxi sindikal bat eraikitzen ari gara azken hilabeteotan, gure erakundearen eta gure gogoen txoko guztiak zeharkatu nahi dituena. lldo horretan, apirilean, “Arrazakeriaren aurkako sindikalismo baterantz” topaketa egingo dugu, azken ikasturtean langile migratu eta arrazializatuekin, liberatuekin eta erakunde eta kolektibo sozialekin batera garatu dugun prozesu parte-hartzailearen amaiera gisa, eta hurrengo ikasturterako diseinatzen ari garen urratsei ateak irekitzeko.

Amaitzeko, dei egiten dugu datozen egunotan mugimendu eta kolektibo antiarrazistek deitutako mobilizazioetan parte hartzera.

Erregulariazioa Orain

Eskubide eta aukera guztiak pertsona guztientzat.

Gora borroka antiarrazista!

Etiquetas: