EH Bilduk udalaren proiektu estrategikoari hiru puntu batzea eskatu du

Eh Bildu Zinegotziak

Irungo EH Bildu.- Udal gobernuak urte hasieran “Irungo etorkizuna lantzeko erakunde arteko lan ildoak” izenburua duen dokumentua aurkeztu zuen. Dokumentu horretan zortzi proiektu jasotzen dira non gainerako administrazioei konpromisoak eskatzen zaizkien.

Lehenik eta behin, esan behar dugu bitxia iruditu zaigula udal gobernuak afera honetan izan duen jokaera. Batetik, dokumentu horretan gobernuak gainerako instituzioei eskatzen die hainbat proiektutan konpromisoak har ditzala. Ados gaude, agerikoa da azken hamarkadetan goragoko instituzioek Irun lehentasunenen artean ez dutela. Bestetik, ez dugu ahaztu behar PSE alderdia instituzio horietako gobernukidea dela (baita Elkarrekin Podemos ere espainiako gobernuaren kasuan), eta beraz, ardura zuzena du proiektu horien guztien garapenean.

Era berean, oso adierazgarria iruditzen zaigu udal gobernuak proiektuen gainean konpromiso zehatzik ez hartzea. Dokumentua gainerako administrazioei zuzendutako eskaera zerrenda bihurtu dute, udalak berauetan duen erantzukizuna albo batera utzita.

Guztiarekin, argi dugu Irunenerako estrategikoak diren proiektuak direla, eta EH Biduk, ohikoa den bezala, posizio eraikitzailea izango du. Gogoratu behar dugu azken urteotan hainbat alternatiba planteatu ditugula (esaterako, Plaiaundiko pisten lekualdatzea, Irungo hirugarren anbulatorioaren proposamena, Olaberria Bailara babesteko plan berezirako proposamena, espazio naturalen babestea, gizarte politiken alde egindako lana, etab). Aurrerantzean ere, bide horretan jarraituko dugu, gure proposamenak dagokion administrazioetara eramanez, gainerako instituzioetan ditugun baliabideak probestuz. Izan ere, EH Bildun esaten duguna egiten dugu eta egiten duguna esaten dugu.

Esan gabe doa aurkeztutako proiektuak ez direla berriak, urte asko daramate proiektu hauek plangintzatuta, bitartean, gure hiria eta bere beharrak aldatzen joan dira. Zentzu honetan, udal gobernuak egin duen proiektu estrategikoen dokumentuari hiru proposamen berri txertatzea eskatuko dugu:

1- KIROLAREN PLAN ESTRATEGIKOA

Lehena kirolaren plan estrategikoa da. Irunek egunez egun lanean ari diren kirol talde ugari ditu, baita kirola egiteko erabil daitezkeen instalazio ugari ere. Eskola kirola ere oso sustraitua dago Irungo haur eta gazteen artean. Horregatik, dauden baliabideak eta beharrak ondo ezagutzeko eta aurrera begirako urratsak erabakitzeko proposatzen dugu plan hau. Plan honek hiru ardatz izango lituzke: eskola kirola, udal instalazioen optimizazioa eta kirol klubekiko harremana.

2- DESZENTRALIZAZIO PLANA

Bigarrena zerbitzuen deszentralizazioa da. Azken urteotan zerbitzuen birzentralizazio bat pairatzen ari gara. Gipuzkoaren kasuan argia da lurraldean ematen ari den desoreka, Gipuzkoarrak kostara bizitzera ari dira etortzen, eta hiriburuan ezarrita dago jomuga. Gogoratu behar dugu Irun dela biztanlerian igotzen jarraitzen duen hiri bakarrenetakoa. Bada, bitxia da biztanlerian igotzen jarraitu ahala gero eta zerbitzu gutxiago eta zentralizatuagoak edukitzea. Osasun zerbitzuak (bloke kirurgikoaren gaia) eta bankaren zerbitzuak (auzoetatik desagerrarazi nahi dituzte kutxazainak baino ez utziz) gure auzoak bizitzarik gabe uzteko lehenengo urratsak dira. EH Bilduk urteak daramatza auzoei indarra eman behar zaiela aldarrikatuz, auzoek egiten baitute Irun. Eta horretarako ezinbestekoa da Irun eta bere auzoak zerbitzuekin hornitzea.

Hala, udalekoak diren eta ez diren zerbitzuak auzoetara hurbiltzeko plangintza abiatzea proposatzen dugu. Honek bi norabide izango lituzke: bata udal gobernuari zuzenean eragiten diona non udal zerbitzuak auzoetara eramateko azterketa egingo lukeen (HAZ/SAC, ongizatea, auzo-ekipamendu kulturalak,…) eta bestea gainerako instituzioen konpromisoa eskatzen duena (osasun eta banka zerbitzuak, familien elkargunea, etxebide-alokabide zerbitzuak, …)

3- ZAINTZA EREDU BERRIA

Zaintza ereduan ere jarri dugu arreta. Izan ere koronabirusaren pandemiak behar berriak azaleratu ditu, aurretik zetozen beharrak areagotzeaz gain. Zentzu honetan ezinbestekoa iruditzen zaigu irundarron beharrei buruzko analisi sakona egitea, gizarte politikak indartze aldera. Zentzu honetan indar berezia ematen diogu osasungintzari (lehen arreta indartzea eta horretarako hirugarren anbulatorioaren beharra), inklusio beharrak ondo asetzeri eta adinekoek egun dituzten beharren gaineko planteamendu berria, eredu berrien alde.

Zinez uste dugu proposamen hauek Irun hobe baten bidean jartzen gaituztela. EH Bildun elkarlanerako prest gaude, beti ere irundarron bizi-baldintzak helburu duten proposamen eta politikak aurrera eramateko.

Etiquetas: