Bidasoko EH Bildu Osakidetzaren eskualdeko egoeraren harira

Concnetración en el ambulatorio de Dunboa. Foto archivo

EH Bildu Bidasoa.- Osasun Sistema Publikoan, Osakidetzan gertatzen ari dena ez da berria.

Azken urteotan Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakien ondorio da:

  • Etenik Gabeko Arreta Guneak, PAC delakoak, itxi dira, edo ordutegiak murriztu dira.
  • Osasun etxeetan izugarrizko profesional gabezia dago. Eta ondorioz, profesional batek, gainerakoen agendak bete behar izaten ditu edo egunerokotasunean 45 kontsulta izaten ditu. Egoera horretan ezinezkoa da pazienteei kalitatezko arreta bermatzea.
  • Hainbat eta hainbat osasun etxetan bizitza osoan izandako zerbitzuak ixten edo murrizten ari dira. Aipagarrienak urologia zerbitzuan gertaturikoa non hitzordu bat lortzea ia ezinezkoan den, eta X izpiak eta ekografiak egiteko eskualdean dauden zailtasunak.
  • Kontsulta presentzialak lortzea gero eta zailagoa izaten da. Atzerapenak nabarmen areagotu dira. Traumatologiaren kasuan hitzordua zazpi hilabete eta erdira ematen ari dira, eta honek, denok dakigun bezala, pribatura jotzea bultzatzen ditu herritarrak.
  • Adinekoen eta kronikoen jarraipenerako gero eta zailtasun handiagoak.
  • Osasun sustapena bertan behera geratzen joan da edo ez da behar bezala garatu.

Hau guztia ez da pandemiaren errua, ez zen pandemiarekin hasi. Murrizketak eta planifikazio eza, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira. Osasun sistema publikoan eman diren atzerapausoak gero eta nabarmenagoak izan dira, bereziki 2018tik gaurdaino. Eta honen guztiaren ondorioak herritarrek (pazienteek) jasaten dituzte.

Pandemian denok ikusi dugu zein garrantzitsua den kalitatezko lehen mailako arreta izatea, baina, sistema hori indartu beharrean, Jaurlaritza kontrakoa egiten ari da, eta gogoratu nahi diogu pertsona guztiok kalitatezko arreta sanitario publikoa jasotzeko eskubidea dugula, eta hori da orain arriskuan dagoena.

Bereziki larria da Bidasoko herritarrok jasan behar duguna. Irungo erdiguneko anbulatorioa da EAEn paziente gehien artatzen dituena, eta bai hemengo bai eskualdeko gainerako osasun etxeetako profesionalak lan zamarekin eta baliabide faltarekin itota daude.

EH Bildun urte asko daramatzagu Irunen hirugarren anbulatorio bat eskatzen, eta eskaera hau ezin da denboran gehiago luzatzen utzi. Garbi dugu osasun krisi hau Bidasoko eskualdean jasan dugun krisirik handiena dela, eta horregatik gure udalei zein gainerako administrazioei gaiari lehenbailehen heltzeko eskatzen diegu. Bitartean egoera hau gure udaletan salatzen jarraituko dugu.

Etiquetas: