Duela ia hiru hamarkadatik hona milaka izan dira antolatu ditugun brigada internazionalistetan parte hartu duten lagunak. Milaka elkartasun internazionalistaren esperientzia praktiko honetatik aberastu direnak, elkar truke militante honen partaide izan eta herrien arteko xamurtasuna gertu gertutik sentitu dutenak. Milaka izan dira brigada batean parte hartzeko jauzia eginez bere egunerokotasun militantean internazionalismoaren lema nagusia bere egin dutenak: Hamaika herri borroka bakarra!Honegatik, argi dugu Askapenako kideok brigadak lanabes garrantzizkoak direla oso askatasun sozial zein nazionalaren alde borrokan dirauten herrien arteko zubiak eraikitzeko, lanabes ezinbestekoak halaber, Euskal Herri Internazionalista eta Antiinperialista sortzera bidean. Halaxe ziren orain arte eta halatsu izango dira aurrerantzean ere.
Aurten baina, estrategikoa den ildo hau indartzen jarraitzeaz gain, 2016ko brigadek balio politiko erantsia dute.
Izan ere, Entzutegi Nazionalean pasa den urrian epaiketa izan ostean edozein unetan etor daitekeen Sententziaren zain gaude orain. Hain zuzen espainiar estatuak Askapenaren ilegalizazioa zein Unai, Gabi, Dabid, Aritz eta Walterrentzat seina urteko kartzela zigorra eskatzen ditu. Epaiketa politiko bat gehiago hau ere, Euskal Herriaren zein gainerako herrien askatsunaren aldekoko konpromisoa zapaltzeko eginahaletan.
Inork ez dezala pentsa baina geldirik zain geratzen garenik, ezta gure proiektu eta lan internazionalistari muzin egingo diogunik ere. Honegatik, 2016ko brigadek balio politiko erantsia dute ezbairik gabe.
Brigada hauek beraz, Espainiako Erreinuari hainbeste min egiten dioten ikuspegi politiko internazionalista, abertzale eta herritarrean kokatzen ditugu. Honela, hain bidezko eta beharrezko den gure lan politiko internazionalistan berresten gara. Espero dezagun bada munduko edozein injustizia bere baitan sentitzeko gai diren orok bertan parte hartzea, gisa honetan iraultzaile eta euskal internazionalista bezala erantzunez.
Izen ematea martxoaren 31ra arte egongo da irekia. Informazioa gehiago jakiteko: http://askapena.org/eu/brigadak/brigadak2016-0 Izen emateko edo zalantzak argitzeko idatzi honako helbidera brigadak@askapena.org
Atzo, gaur eta beti!
Gora Euskal Herria internazionalista!
Gora Brigadak!
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1714 irakurketak
- Castellano