Espetxe eta ilegalizazio eskaren aurrean Askapenaren oharra

Internazionalistak garelako Askapena aurrera!

Estatu espainiarrak emaniko kalifikazio fiskalaren arabera, 6 urteko kartzela zigorra eskatzen du Gabi, Unai, Walter, Dabid eta Aritz kideentzat eta baita Askapena, Askapeña, Herriak Aske y Elkar Truke elkarteen ilegalizazio eta disoluzioa ere. Honen aurrean gaur hemen batu garen Askapenako kideok honakoa adierazi nahi dugu:

Lehenik eta behin agerian geratzen da beste behin ere, Estatu espaiñiarrak gure herriaren aurkako erasoaldi estrategia argian jarraitzen duela, Euskal Herriaren eraikuntza nazional, zein sozialaren alde antolatu eta borrokatzen duten guztien aurka gogor eginez, eta zehazki, kasu honetan bezala, gure herriarentzat proiektu internazionalista bat defendatzen dugunon aurka joz.

Izan ere gure proiektu internazionalista iraultzea da, antiinperialista, antikapitalista eta antipatriarkala. Joan etorriko elkartasun politikoan du oinarria eta askapen sozial eta nazionala helburu duten herrien artean gauzatzen da.

Egitasmo internazionalista honen oinak Euskal Herrian daude sustraituata, eta bertatik abiatzen da politikoki gainerako herrietara, bere aldarrikapenetatik, bere beharretatik eta bere eraikuntza desiretatik. Internazionalismo honek beraz, ez du kanpora begiratzen bere arazo eta beharrei bizkar emateko, baizik eta bere burua ikusten du irudikatua, estatuek eta kapitalak zanpaturiko gainerako herrietan. Modu honetan, Internazionalismoa ulertzeko modu hau ere berdintsu izan da babestua munduaren hainbat txokotan, gure herriaren borrokari babesa erakutsiz, haiek ere, euren burua ikusten dutelako gure herriaren askapen borrokan.

Azkenik, internazionalismo mota hau, zabal bezain borrokalaria den Euskal Herriko herri mugimenduko partaide da. Herri mugimendua beti izan da beharrezko, eta egun ere gure herriko adierazpide politiko organizatibo funtsezkoena da, auzo eta herrietako auto antolakuntzatik sortua eta eraikia.

Hitz gutxitan esatearren, Estatu espainiarrak ilegalizatu nahi lukeena internazionalismo iraultzailea, abertzalea eta herri mugimenduko kidea da. Elkartasunaren abiapuntu eta helmuga den Euskal Herririk ez du onartzen beraz Estatu espainiarrak.

Guzti honegatik hain zuzen espetxeratu nahi dituzte gure kideak, horregatik ilegalalizatu nahi gaituzte; internazionalistak garelako.

Gisa honetan, Askapenaren ilegaliazio eskaeraz gain, pausu esanguratsua da Askapeña konpartsa, Herriak Aske edo Elkar truke bezalako elkarteak ere legez kanpo utzi nahi izatea. Honela, Estatu frantziar zein espainiarrak errepresio eta blokeo egoera honetan gure herriaren aurkako erasoaldian sakondu nahi dute.

Guzti honegatik, Askapenatik gaur inoiz baino gehiago gure borroka internazionalista berrestea dagokigu.

Estatuek, herri bezala dagozkigun eskubideak onar ditzaten elkartasuna behar dugulako.

Preso politiko eta errefuxiatuak etxera itzul daitezen.

Euskal Herrian eraikuntza sozial eta nazionalean aurrera jarrai dezagun.

Krisi Kapitalista-inperialista honetan, herriak miseriara kondenatzen gaituen sistema kriminal hau sustraietatik aldatu nahi dugunon artean elkartasun zubiak indartu behar ditugulako.

Gaur inoiz baino gehiago herriok elkarren beharra daukagulako gure askatasuna lortzeko.

Boterearen biolentziaren aurrean herrien arteko xamurtasuna gailenduko delako.

Hamaika herri borroka bakarra!

Beharrezkoa delako, internazionalismoa aurrera!

Etiquetas: