Espetxe eta ilegalizazio eskaren aurrean Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Dabid Soto, Unai Vázquez eta Gabi Basañez auziperatuen oharra

Internazionalistak garelako Askapena aurrera!

2010ean ETAko nazioarteko aparatuko kide izatea egotzita atxilotuak izan ginen kideetatik bost epaituak izango gara 2015. urtean Espainiako Entzutegi Nazionalean.

4 urte baino gehiago igaro dira sarekada polizial hartatik, eta argi geratu da gezur handi bat baino ez zela izan hura. Bertako eta kanpoko egunkarietako portada edo albistegietako izenburu nagusiek, Espainiako barne ministerioaren bozgorailu leial baino ez ziren bilakatu orduan.

Espainiako Gobernuak, Askapenaren kontrako operazioa, ezker abertzaleari mezu bat bidaltzen erabili zuen: irtenbide bakarra espetxea edo amore ematea da. Oker zebiltzan ordea estu hartu gintuztela pentsatu zutenean. Eta oker dabiltza orain ere bide berri honetan, gaitasuna galdu dugula uste badute, askatasuna eta herri nahiz herritar gisa dagozkigun eskubideak eskuratzeko borrokan.

Gurea, Ezker Abertzalea zigortzeko pentsatutako sareka bat izan zen. Baina ez hori bakarrik. Gaur badakigu, estatuko fiskalak aurkezturiko akusazio idatzien bitartez, lehen asmo hark bere baitan bigarren asmo zitalago bat ezkutatzen zuela.

Espainiako Estatuak, fiskalaren bitartez aditzera eman du, gure atxiloketekin bilatzen zuen argazki hartaz gain, sakontasun politiko handiagoko helburua zuela esku artean.

Bere asmoa herri honek hamarkada luzeetan zehar eginiko lan internazionalista zangotrabatzea zen, hain zuzen, estatuaren mugetatik kanpo ezarri nahi duten isiltasuna hausten ari ginelako. Bere asmoa ehunka brigadista isilaraztea zen. Estatu Espainiarraren eta nazioarteko konplizeen estatu krimenen lekukoak alboratzea. Beraien egitekoa Euskal Herriarekiko elkartasun zubiak eraistea zen, munduan zehar barreiaturiko ehunka preso politiko eta errefuxiatuen izaera ukatuz. Beraien nahia Nazioarteko Foroetan ez zedila euren gustuko ez zen eztabaidarik piztu ziurtatzea zen.

Espainiar Estatuak, fiskalaren bitartez, 100 orrialde baino gehiagotan argudio errepikakorren bidez, Askapenaren izena zikindu besterik ez du nahi. Eta argi uzten du herrion ahotsa isilarazteko bere amorrua,hain justu elkartasun internazionalistaren alde apustu militantea egin genuenon bidea oztopatuz.

Aurrerago doa ordea bere eginahalean. Espainiak, trauma eta konplexuz betetako inperio handi honek,erasoaldi bortitza abiarazi du herri honetan inork kriminalizatzea onartu ezin dugun sektoreen aurka. Askapena, Askapeña, Elkar Truke edo eta Herriak Aske antolakunde eta kolektiboak ilegalizatzeko eskaera jauzi kualitatibo itzela da, eta zinez onartezina.

Ezin gara baina besoak gurutzaturik gelditu. Ez diogu inori gure militantzia politikoari mugak jartzen utziko. Ez dugu beste epaiketa bat gehiago izatea onartuko, ez baita bost kideon askatasuna soilik jokoan dagoena. Askoz gehiago da. Internazionalista bezala eta herri mugimenduko kide garen heinean, Estatua geldiarazteko tresna izango gara, erortzen doan inperio baten erokeria nahiak uxaraziz. Hori da gure konpromisoa. Eta erronka honetan, xamurtasun, borroka eta elkartasun eredu izan den Euskal Herri hori izango dugu bidelagun. Munduko edozein txokotako injustiziak bere barrenean sentitzen dituen Euskal Herria.

Etiquetas: