Bakeak baditu milaka definizio. Badago bakea isiltasunarekin lotzen duenik, nahiz eta jakin, isiltasun horrek zapalkuntza ugari gordetzen dituela bere barruan. Badago bakea polizia, kameraz jositako kale eta ejertzito armatuekin lotzen duenik ere. Bakea, demokrazia eta justizia esloganez eztali, zapalkuntzaren existentzia ukatzeko.
Euskal Herriak ongi daki zer den hau. Herri, emakume, gazte eta langile bezala zapalduak gara. Izena, izana eta esana ere ukatuak ditugu. Zapalduak baldin bagara zapaltzaile bat, gutxienez, dagoen seinale. Etsai hurbila erraz identifika genezake, telebista piztu eta punto. Hala ere, nor dago guzti horren atzean hariak mugitzen? Nor da benetan garaitu beharreko etsaia?
Ez da lan erraza. Lurrean lerro zuzen bat markatu arren, ez ginateke denok ados jarriko ezker edo eskubian nor kokatu. Seguraski lerro bat baino gehiago marraztu beharko litzateke, karratuegi baita mundu borobil hau. Gure lerrotik ordea, argi daukagu nortzuk nahi ditugun urrun. 1976ko martxoak 12an lerro gorri bat markatu zuen Euskal Herriak; NATOri ez!.
1989.urtean Berlingo harresiaren erorketarekin batera “sozialismo erreala” delakoaren desagerpena irudikatu zen, eta kapitalismoaren ofentsiba berriari ekin zitzaion; neoliberalismoa. Honen inposaketan funtsezko papera izan zuen NATO erakunde terroristak. Interes oligarkikoen mesedetan, herrion burujabetzaren aurkako zapalkuntza militarra.
Euskal Herrian bezala mugimendu anti-nuklear eta anti-militarista indartsuak egon ziren Gaztela, Andaluzia, Herrialde Katalan zein bestelako herrietan. Langile klase eta herri sektoreak kalera irten eta espainiar estatuan burutuko zen erreferendumean ezezkoaren alde buru-belarri sartu ziren. Gurean Herri Batasunak eta batez ere, gazteriak, paper erabakiorra izan zuten. Munduko herri zapalduekin batera, inperialismoaren aurkako borroka gori-gorian zegoen.
Lerro zuzenak bi alde baldin baditu, garai horretan ere PSOE eta PNV ohiko azpijoko eta gezurrekin ez ziren publikoki lerrokatu. PSOEk “OTAN de entrada no” lelopean herriari gezurra esan zion beste behin, horren adierazle, ordutik egun arteko ibilbide zapaltzaile eta kolaborazionismo estua NATOrekin. Eta zer esanik ez PNV. Bozka librea predikatzen zuten bitartean komunikabideetatik baiezkoaren aldeko bozka eskatu zuten Arzallus eta Ardanza lehendakariak. Geroztik, behin baino gehiagotan ikusi ditugu indar zapaltzeileei ongi etorriak egiten. 30 urteotan interes kapitalisten mesedetan NATOk egindako sarraskien erantzuleak dira biak.
Gutxiengo baten interes kapitalisten aurrean, sekulako borroka piztu zen Euskal Herri osoan zehar. Gazteak unibertsitate edota ikastetxeen galdeketak burutu zituzten. Hauetan ere ezezko borobila gailendu zen. Argi itzalketak, burrunbadak, manifestazioak, txirrindu martxak…borroka fronte indartsua zetorkion aurretik herriaren hitza entzun nahi ez zuenari. Euskal Herriaren gehiengo handi batek horrela berretsi zuen 1976ko martxoak 12an, NATOri ez!
Egun NATOren existentzia inoiz baino garrantzitsuagoa da interes neoliberalentzat. Logika berean defendatzen du AEB eta Europaren arteko Inbertsio eta Merkataritzarako Ituna, TTIP. Merkatu libreari oztopoak kenduz, langile klase eta herri sektoreak esplotatzen jarraitzeko ituna. Eta horren erantzule dira OTAN eta baita Euskal Herriko indar kapitalistak ere. Osasun arloan, ingurumenean, elikaduran, enplegu eta lan esparruan…guztietan sufrituko ditugu eskubide urraketak herritarrok.
30 urte igaro diren honetan, egungo gazteok ez dugu izan aukerarik OTANen inguruan bozkatzeko. Argi eta garbi diogu. Herri, gazte, emakume eta langile bezala zapaltzen gaituen ororen aurkako borrokan lehen lerroan egongo gara. NATOri eta TTIPari ez!
Gazteok bagoaz herri burujabea eraikitzera!