Internazionalismoa eta errefuxiatuen krisia

Europan, geure historian izan den errefuxiatu krisi handienari aurre egiten ari gara: 2015ean, Eustaten datuen arabera, Europan milioi bat pertsona baino gehiagok eskatu zuten asiloa, hauetatik gehienak Siria, Afganistan eta Iraketik etorriak. Oxfamen datuen arabera, ia 10.000 pertsona hil dira mediterraneo itsasoa gurutzatu nahian.  Giza tragedia larri honen aurrean, Euskal Herritar askok interes handia agertu dute elkartasunez pertsona hauei laguntza helarazteko. Elkartasun internazionalaren sugarra bere kultura politiko eta herritarrean bizirik mantentzen duen herri batekoa izateak harrotasunez betetzen bagaitu ere, uste dugu, borondate oneko elkartasuna bideratzeko egitasmoek (arropa, material, janari... bilketa eta bidalketek) albo batera uzten dituztela oinarrian dauden elementuak,  hau da, egoera onartezin honi erantzun irmo bat emateko ezinbesteko gakoak.

Eraginkortasun gutxiko edo zuzenean kaltegarria izan daitekeen laguntza paternalista batean erortzeko arriskuaren aurrean, arazoaren muinera jo behar dugu,  arazoaren sorreran zein errefuxiatuen krisiaren ondorioen kudeaketa negargarrian  europar instituzio eta estatuen erantzukizun politikoak mahai gainean jarriz.  

Zentzu honetan, alde batetik, batez ere europar potentziek kaosa, heriotza eta suntsiketa sortaraziz militarki esku hartu eta gaur egun ere esku hartzen duten herrialdeetatik ihesi datozen errefuxiatuak direla azpimarratu nahi dugu. Ez dago esan beharrik esku hartze hauek ez direla inondik ere arrazoi humanitarioengatik egiten,  jasaten dituzten herrien burujabetza ahultzeaz gain, europar potentzien interes ekonomiko zein geopolitikoak egikaritzea bilatzen baitute edozeren gainetik. Hau gutxi balitz, Europar Batasunak eta partaide diren estatuek lehentasunezko harreman politiko eta ekonomikoak mantentzen jarraitzen dute turkiarra edo saudia bezalako  estatuekin, publikoki egiaztatu den arren eskualdearen ezegonkortasuna bultzatzen dutela (bereizi gabeko bonbardaketak eginez eta Daeshekin harremana izanez).

Bestalde, zer esan premiazko asilo eskaeren aurrean europako estatu gehienek eta Europar Batasunak berak ere burutu duen erantzun eta gestio lotsagarri bezain krudelari buruz? Hain zuzen ere Libanok, 4 milioi biztanleko herriak, milioi bat errefuxiatu baino gehiago bere lurretan hartu dituen bitartean, Europar Batasuna, bere 510 milioi biztanlerekin, ez da gai izan hitzarturiko 160 mila pertsonei harrera egiteko ere. Espainiar Estatuaren kasua ezin adierazgarriagoa da: adosturiko birkokatze programaren 16 mila pertsonetatik 18 besterik ez dira hartuak izan gaurdaino.

Guzti honekin gustura ez eta, Europar Batasunak, kapitalen zirkulazio askearen defendatzaile sutsu honek, bere mugak ixtea erabaki du, horretarako errepresioa erabili behar badu ere.  Errefuxiatu gehiagoren sarrera ekidin asmoz gainera, turkiar estatu zapaltzailearekin Europa gotorleku bilakatzeko itun lotsagarri bat adostu du. Honi, Europar Batasunak errefuxiatuen kontzentrazio zelai erraldoi bilakatu duen Greziaren kasua,  Danimarka eta Suitzak beraien lurretara iristea lortu duten pertsonei dirua edo objektu pertsonalak konfiskatzeko neurriak onartzea edota europar parlamentuaren ustetan “jarraitu beharreko eredu” diren Alemaniak eta Danimarkak familien berrelkartzeak oztopatzeko egindako ahaleginak gehitu behar zaizkio. Bien bitartean, fronte militarrean, Egeo itsasoa patruilatzen jarraitzen du OTAN-ek, errefuxiatuak bilatu eta zuzenean jatorrira itzularazteko.  Fronte ideologikoan aldiz, europar instituzio politikoek lotsarik gabe erabiltzen dituzte argudio xenofobo eta islamofoboak.  

Beraz, Europar Batasunaren balore, etika eta gizatalde zein norbanakoen giza eskubideen errespetuaren hondamendi honen aurrean, problematika hau termino politikoetan kokatzeko eginbeharra dugu, ustez ordezkatzen gaituztenei Ekialde Hurbileko esku hartze militarrak eta eskualde horretan kaosa sortu nahi duten estatuekin dituzten harremanak amaitzea eskatuz. Bestalde, europar instituzioek erantzukizun historiko eta gaur egungoak dituzten errealitate ankerretatik ihesi datozen pertsonei asilo eskubidea errespetatzea exijitu behar dugu.

Bestela, arazoaren sustrai politikora joan ezean, larrialdi honen aurrean herritarrek egindako ahalegin solidarioak arazoa kronifikatu eta trabatzeko besterik ez du balioko, europar instituzioak erantzukizun politikoetatik salbu uztearekin batera. Egun gogora ekartzeko modukoa da esaera zahar hau: “xede oneko harriz betea dago infernurako bidea

Etiquetas: