Dagoeneko bi hilabete igaro dira pasa den irailaren 25ean Eusko Legebiltzarrerako haustekundeak burutu zirenetik. Denbora tarte honetan alderdi politiko ezberdinek euren legebiltzar taldeak osatzen ikusi ditugu, gobernua osatzeko aliantzak egiten saiatu dira eta programa eta proposamen politiko ezberdinak komunean jarri dituzte.
Hauteskunde kanpaina hau hasi aurretik hamar bat eragilek parlamentuaren parean “Internazionalismoarekin bat!” dinamika aurkeztu genuen, alderdi politikoei gutxieneko minimo internazionalista batzuk betetzeko gonbitea luzatuz. Denbora honetan legebiltzarrean hautagaitza izateko aukerak zituzten alderdi politiko guztiekin harremantan jartzen saiatu gara. Horrela, EH Bildu eta Ezker Anitza formazioekin kontraste bilkura bana izan genuen, aurkezturiko minimoen dokumentu hori landu asmoz. Gainerako alderdiek ez diote bilera egiteko gure eskariari erantzun, eta beraz ulertzen dugu gure proposamenarekiko ez dutela inolako interesik.
Dena den, aurkeztu ditugun gutxieneko horiek elkartasunean edota berdintasunean oinarritzen diren nazioarteko politikak garatzea helburu duen edozein talde politikok bat egiteko modukoak direla uste dugu. Horregatik, aurretiaz alderdi politikoekin egin bezala, orain legebiltzar taldeei zein gobernuari dei egiten diogu “Internazionalismoarekin bat!” dinamikan adosturiko gutxieneko puntuak bete ditzaten.
Alderdi politikoekin hitz egingo dugunaz edo egingo diguten jaramonetik haratago, gobernuaren eta legebiltzar honen benetako izaera frogatuko duena nazioarteko politikei dagozkien ekintzen praktikak izango dira. Beraz, proposatzen jarraitzea izango da gure zeregina, edota derrigorrezkoa den kasuetan, aurkeztu ditugun gutxieneko puntu internazionalistak betetzen direla exijitzea. Zentzu honetan, ez dugu baztertzen beharrezko ikusten dugunetan mobilizazioekin erantzutea.
Horrela, euskal jendarteari dei egiten diogu gurekin batera datozen lau urteotan legebiltzarrean egingo den lana ikuskatzen jarraitzera, Euskal Herri internazionalista bat eraikitzea guztion betebeharra da eta.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1159 irakurketak
- Castellano