Internazionalistak garelako espetxeratu eta ilegalizatu nahi gaituzte

Internazionalistak garelako espetxeratu eta ilegalizatu nahi gaituzte

Internazionalistak garelako Askapena aurrera!

Estatu espainiarrak emaniko kalifikazio fiskalaren aurrean Walter Wendelin, Aritz Ganboa, Dabid Soto, Unai Vázquez eta Gabi Basañez auziperatuek eta 28 urte luzeetan Askapenan lanean ibili garen 80 lagun baina gehiagok agerraldia burutu dugu eta internazionalismoa Euskal Herriaren askapen prozesuko ezinbesteko ardatza dela ulertuta lanean jarraituko dugula adierazi.

2010ean ekindako polizia operazioaren kalifikazio fiskala aste honetan jakin berri dugu: isun ekonomikoa eta 6 urteko kartzela zigorra Gabi, Unai, Walter, Dabid eta Aritz kideentzat eta Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteen ilegalizazio eta disoluzioa.

Izugarria izan da egun hauetan jasotako jasotako babes guztia eta agerraldian egin bezala lerron bitartez eskerrak eman nahi dizkiegu bai Euskal Herrian eta baita gainontzeko herri zapalduetatik elkartasuna adierazi ziguten norbanako eta eragile guztiei. Benetan eskerrik asko.

Auziperatuek, polizia operaziotik lau urte baina gehiago iragan diren honetan, atxiloketekin bilatzen zuen argazki hartaz gain, Espainair Estatuak sakontasun politiko handiagoko helburua duela azaldu dute. Beraien militantzia politikoari inork ezin dizkiola mugak jarri eta hau, epaiketa bat gehiago izatea ez dutela onartuko adierazi dute. Horregatik, internazionalista bezala, herri mugimenduko kide bezala, estatua geldiarazteko tresna izango direla azaldu dute.

Askapenako kideok berriz, argi azpimarratu nahi izan dugu Estatu espainiarrak ilegalizatu nahi duena internazionalismo iraultzailea dela. Hau da, proiektu antiinperialista, antikapitalista eta antipatriarkala. Izan ere, eta horren erakusle baita eskaera, Euskal Herrian eraikuntza sozial eta nazionalean aurrera urratsak eman eta gaur egungo krisi testuinguruan sistema kriminal hau sustraietatik aldatu nahi dugun herrion arteko elkartasun zubiei beldur dira. Jakin baitakite, jakin baitakigu guk ere soilik borroka internazionalistaren bitartez eskuratuko dugula benetako askatasuna.

Auziperatu eta Askapenako kideok ez dugu onartzen gure lan eta borroka debekatu edo zigortu asmo duen inolako epairik. Are gutxiago Espainiar Estatua bezalako Estatu inperialista baten aldetik. Horregatik lanean jarraituko dugu, kaleetan, gaztetxe eta tabernetan, brigadak eta hitzaldiak antolatzen, beste herrietako borrokak gurera ekarri eta Euskal Herriaren borroka lau haizeetara zabaltzen.

Hamaika herri borroka bakarra!

Gora Euskal Herria internazionalista!

Etiquetas: