MARTXAN DA BABESGUNEA!!

Larunbateko (U-30) prentsaurrekoan Iruñeako Kalekalden eratu den Babesgunea aurkeztu da. Bertan 5 auziperatuei babesa agertzeaz gain Askapenaren aurkako balizko legezkanporatzea salatzeko eremuaren berri eman da. Larunbatetik aurrera ekitaldiz josiko da, elkartasunetik konpromisora pausuak ematen joan gaitezen.

TEXTUA

Datorren astelehenean asanblada irekia antolatuko da arratseko 19:00etan Babesgunean bertan.

Gaur bildu gara hemen Entzutegi Nazionalak Askapenaren kontra daukan prozesuko bost auzipetuekin. Lehen-lehenik gogorarazi nahi dizuegu epaiaren zain daudela: Askapena ilegalizazio arriskuan dagoela eta hemen dauden bost lagunei, Walter, Dabid, Gabi, Unai eta Aritz-i 6 urteko espetxe zigorra eskatzen diela estatuak fiskaltzaren bidez.

Prozesu hau beraien atxiloketekin ezagutu genuen eta atxiloketak izan zirenetik hona, beraien eskubide zibil   eta   politikoak   etengabe   urratuak   izan   dira:   atxiloketa   inkomunikatua,   tortura   arriskua, badaezpadako   espetxeratzea,   sakabanaketa,   baldintzapeko   askatasuna   (alegia   beraien   ondasunak blokeatuta, familiak hipotekaturik, pasaportea kendurik, eta kontrol judizialpean bizi beharra), epaiketan Askapena, Askapeña eta elkartrukeren defentsarako eskubidea urratua, eta orain, epaiaren zain daudela, baldintzapeko askatasunean bizi direla, berriz, espetxeratzeko arriskuan bizi dira. Ez litzateke lehen aldia izango epaiaren zain egon, eta berau ezagutu aurretik, euskal herritar bat atxilotzen dutena. Hori da orain beraiek bizi duten errealitatea.

Gu ez gaude prest, ordea, eskubide urraketa horiek guztiak oharkabean pasa daitezen. Ez beraiengatik bakarrik, gu guztion betebehar demokratikoa da salbuespen neurri guzti hauei amaiera ematea: estatuak indarrean du oraindik legedi eta eskubide zibil eta politikoak urratzeko arkitektura oso bat, eraitsi gabe.
Gaur ezagutarazi eta abiaraziko dugun ekimenak, babesguneak , honako ezaugarriak ditu:

babesgunea Askapena eta 5ek bizi duten egoera ezagutarazi eta babes sozial/politiko/herritar bat sortzeko tresna da, Askapena ILEGALIZAZIO ARRISKUAN eta hauek 5ak ESPETXERATZE ARRISKUAN daude.

babesgunea, espetxeratze eta ilegalizazio arrisku hori hainbat eskubide urraketen ondorengo bat delako. Epaiketa hau, -lehenago beste hamaika bezala-, posible izan da soilik, salbuespen neurriz josita dagoen salbuespen legedi bati atxikitu zaiolako, eta beraz, babesgunea salbuespen neurri eta lege horien gainean eztabaidatu, diagnostiko bat egin eta aurrera begira elkarrekin, modu irekian eta batzarren bidez, urrats berriak marrazteko tresna ere izan nahi du.

babesgunean Askapenaren kontrako prozesuko auzipetuekin jartzen dugu abian gaur, eta hemen bertan egongo gara iraunkorki eta denbora mugarik gabe.
babesgunea gauzatzeko, ordea, azken urteetan Askapenak, Libre ekimenak, Eleak erakundeak, Iruñeko herri harresiak eta abarrek jorratutako   elkartasun   eta   aktibatze   politikoaz   baliatuko   gara.   Orain   dei   egiten   dizuegu babesgunea-n esku hartu dezazuen, babesgunea denon artean eskubide zibil eta politikoen
aldeko lantegi bihur dezagun hitzaldi, batzar, ekimen kultural, mahai-inguru eta bileretan esku hartuz. Dagoeneko gaur hemen atzean bildutako askoren babesa eta parte hartzeko konpromisoa jaso ditugu, baita gaur etorri ezin izan diren beste askorena ere, eta are nazioarteko zenbait eragilerena ere, -hurrengo egunetan jakinaren gainean jarriko zaituztegu-. Eta seguru gaude askoz gehiago ere izan gaitezkeena.

Askapenaren lan internazionalistaren alde, Unai, Dabid, Gabi, Aritz, Walter eta gu guztion eskubide zibil eta politikoen alde, Larunbateko agerraldia, azkenik, baliatu nahi dugu, astelehenean arratsaldeko 19:00etan, babesgunea hartuko duen kalekalde-ko lokalean lehen batzar irekia iragartzeko. Eta bide batez mila esker kalekaldeko lagunei beren ateak babesguneari irekitzeagatik. Elkartasuna konpromiso bihurtzeko lehen urrats handia. Babesgunea aurrera!


Etiquetas: