Urriak 12: atzo eta gaur, inperialismo espainiarraren aurrean jatorrizko herriek erresistentzia!

Bost mende pasa dira lehen gizon txuriak Abya Yalako lurrak zapaldu zituztenetik. Bost mende  bertako herriak eta gorputzak zapaltzen, esplotatzen eta lurrak ustiatzen hasi zirenetik. Urretik hasi, eta ikatz eta burdineraino. Txokolatetik hasi, eta soja eta kokaraino. Basoetatik hasi eta erreka eta itsasoetaraino. Esklabutza, pobrezia, langileen esplotazioa, bortxaketak... Inbasioak, paramilitarrak, kolonizazioa, Estatu kolpeak... Cia, Espainia, AEB, Condor plana, Ibedrola, mas mediak, Santander, Burgesia kolaborazionistak...

Baina, bost mende pasa dira Abya Yalako herritarrak erresistentzia hasi zutenetik. Ordutik, Jatorrizko herriak haien kosmobisioa, hizkuntza eta kultura gaurdaino ekarri dute. Bertara eramandako esklabu beltzek askatasun bideak aurkitu dituzte. Herrien burujabetzaren aldeko borroka etengabea izan da eta langileak eta herri sektoreak antolatzen eta borrokatzen jarraitzen dute bigarren independentziaren bila.

Gaurko honetan, hala ere, jatorrizko herriak ekarri nahi ditugu erdigunera. Ezin daiteke ulertu Abya Yalako erresistentzia jatorrizko herriek egiten duten borrokarik gabe. Asko dira adibideak: 94ko altxamendu Zapatista, Bolibia Estatu Plurinazionala bilakatzeko borroka, 2 estaturen aurrean Maputxe herriak erakutsitako adorea, Amazonia osoan dagoen amalurrarekiko defentsa... Hauek denak kontuan hartu gabe, ezin dugu ulertu Abya Yalako erresistentzia. Hauek gabe ezin da ulertu Espainiar deskolonizazio prozesua, ezta gaur egungo Espainiar jatorria duten enpresa trasnazionalen aurka aurrera daramaten borroka.



Jatorrizko herrien erresistentziarekin batera, ezin aipatu gabe utzi gaur egun inperialismoaren atzaparretaik aldenduz burujabetza herritarrei itzuliz, bestelako jendarte eredu baten aldeko borrokan diharduten mugimendu iraultzaile edo ezkertiarrak. Gobernura iristean hauen aurka antolatzen diren estatu kolpeek agerian uzten dute, duela 500 urte bezala, kapitalak eta bere morroi diren indar zapaltzaileek helburu berberak izaten jarraitzen dituztela oraindik ere: inperialismoaren menpekoak izatera makurraztea.


Horregatik, beste behin ere “hispanitatearen” egun honetan, guk, “Gora Jatorrizko Herrien borroka!” ohiukatzen dugu. Espainiar Estatuaren, enpresa trasnazionalen eta mas medien aurrean, guk elkartasun internazionalistan oinarritzen diren harremanak bultzatuko ditugu. Moduak eta bitartekoak aldatu diren arren, inperialismoaren nahiak atzo gaur bezala bere atzaparrak Abya Yalan mantentzen ditu, jatorrizko herriak jo puntuan dituelarik. Beraz, Urriak 12an guk ez dugu haien zapalkuntza ospatuko. Urriak 12 honetan Abya Yala osoan egingo duten bezala Jatorrizko herrien borroka goratuko dugu. Jatorrizko herrien errekonozimendua eta borroka ezinbestekoa izango baita Abya Yalaren askatasunerako.

 
Atzo eta gaur, Urriak 12an,  
Inperialismo espainiarraren aurrean jatorrizko herriek erresistentzia!
Gora jatorrizko herrien borroka!

Etiquetas: