Gipuzkoako eraikuntzako langileentzat hitzarmen on bat lortu dugu, batasun sindikalaren eta grebaren inguruan egindako planteamenduak emaitza eman ostean

imagen

LAB Sindikatua.- Negoziaketa guztiaren zehar patronalak kontrakoa esan badu ere, eta oso zaila zirudien arren, azkenean, beste gauza batzuen artean, KPla bermatu eta lanaldia murrizten duen adostasun batera ailegatu gara Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenean.

Esan behar da zazpi hilabetez luzatu den negoziaketa honetan, patronala gutxinaka gutxinaka joan dela plataformetako hainbat aldarrikapen onartzen, baita historikoki aldarrikatu diren batzuk ere; dieta erdia langile guztiak jasotzeko eskubidea eta in itinere istripuak baja laboraletako konpentsazioan sartzea, adibidez.

Balioan jarri behar dugu, duela aste pare bat LABek deitu zuen intersindikala, non batasun sindikala eta greba deitzeko beharra aldarrikatu ziren eta sindikatu guztiak KPla eta lanaldi murrizketa ezinbesteko elementuak zirela esan genuen. Intersindikal horren ondorengoko negoziaketa bileretan izan da non benetan aurrerapausoak eman diren eta akordio honetara ailegatu ahal izan garen.

Erronka bestelakoa izango da orain, azken urte luzeetan dugun erronka bera, duintzat hartzen dugun hitzarmen hau benetan errespetatzea eta aplikatzea. Eraikuntzan geroz eta ohikoagoa da langile migratu eta arrazializatu askoren ezjakintasuna eta beharrak baliatuz hitzarmenak agintzen duena ez betetzea edota zuzenean autonomo faltsu moduan lanean egotea. Honetan, patronalaren ardura zuzena da, beraien jarrera utzikerian oinarritzen delako arazo honekin.

Amaitzeko, garrantzitsua iruditzen zaigu sektorean azken hilabeteetan ematen ari den lakra aipatzea: lan istripu hilgarriak. Aurten 12 dira Euskal Herrian eraikuntzan hildako langileak eta ez da, patronalaren aldetik, inongo planteamendu seriorik egin arazo larri honikonponbidea emateko. Hala ere, egoera horiek salatzen jarraituko dugu, bai kaleetan eta baita epaitegietan ere.

Etiquetas: