Irungo EH Bilduren ekimenez, martxan da auzoetako egoeren berri emango duen ikerketa

imagen

EH Bildu.- 2021. urteko udal aurrekontuetan EH Bilduk Irungo auzoen errealitatea ezagutzeko azterketa soziologikoa egiteko zuzenketa bat aurkeztu zuen, besteak beste.

Gure proposamena onartua izan zen eta horretarako 50.000 euroko diru partida bideratu zen. Bada, denboran nahi baina gehiago luzatu bada ere, ekainaren 23an kontratazio mahaitik pasa eta martxan da Irungo auzoetako egoeren berri emango duen ikerketa.

Azken urtetan auzoetan indar berezia jartzeko apustua egin dugu; aukera izan dugun bakoitzean bide honetan aurrera egiteko akordioetara iristen saiatu gara.

Auzoek egiten dute Irun. Hiri zentralizatu baten ideiaren aurrean, gure taldearentzat herritarrek egunerokotasuna auzoetan egin ahal izatea ezinbestekoa da. Zentzu honetan udalei dagokie auzoek, eta auzotarrek, oinarrizko zerbitzuak eskura izatea, udal zerbitzuetatik hasita gure auzoetatik desagertzen ari diren gainerako zerbitzuak (banketxe bulegoak kasu) berreskuratu arte.

Irungo errealitatea anitza da eta auzo bakoitzak ezaugarri propio eta desberdinak ditu. Irun hiri bakarra izan arren, beren historia, egitura urbanistiko, azpiegitura zein populazio ezaugarri ezberdinak medio, auzo anitzen batuketa da. Ezinbestekoa da azterketa soziologiko hau lehenbailehen egitea, emaitzak auzoetako eragile eta bizilagunekin partekatu eta ikerketak azaleratzen dituen beharrei Udalak erantzun egoki bat eman ahal izateko.

Etiquetas: