BDS-KOOP.- Garai zaila da bertako nekazaritzarentzako. Gutxi dira oraindik gure eskualdean lurra lantzen darraitenak. Baratzegintza ustiapen txikiak eta ertainek osatzen dute Bidasoaldeko barazkien ekoizpena. Nahiz eta gaur egun lehen sektoreak Hondarribiko BPG-aren %6 eta Irungo BPG-aren %0,1 izan, kemen eta sakrifizio handiz, egunero borrokatuz, eta gure erroak eta jakinduria errespetatuz, bertako kalitatezko barazkien ekoizpenari eutsi diogu.
Gure nekazaritza ezinbestekoa dugu gure ingurunea errespetatu eta zaintzeko, eta gure ondare kultural handienetako bat dugu. Ez genuke gure izaera ulertuko gure baratze, azoka eta baserririk gabe. Bertako ekonomia era jasangarri eta osasungarrian elikatu eta indartzen dugu, gure herria indartzen dugu.
Eta ez dugu amore emango, lanean jarraituko dugu, oraindik badugu zer eman handia, zer berreskuratzeko. Denok gara hain arro sentiarazten gaituen eskualde honen parte, historia zabal eta anitza bildu dituen eskualdea. Eskualde oparoa eta ederra, ibai, itsaso eta mendiez inguratua. Oraindik idazteke dauden istorioak Bidasoako azoka, saski banaketa eta dendetan.
BidasoaKm0.eus web orrialdean Bidasoako ekoizleen inguruko informazio guztia topatuko dugu. Non topatu, non erosi haien produktuak... bai eta bertan zuzenean online erosteko aukera ere. Ekoizletik zuzenean kontsumitzailera erosteko online espazio bat da, online azoka bat. Ekoizle bakoitzak bere perfila osatzeko aukera du, bere banaketa puntu, ordutegi eta barazki eskaintzarekin, era erraz eta erosoan. Era berean, kontsumitzaileak etxetik erosi ditzake bere garaiko barazki lokalak. Harreman zuzena eta azkarra. Nekazari eta kontsumitzaileei sal erosketa lanak errazten dizkie BidasoaKm0.eus web orrialdeak.
Oraingoz, web orrialdean topatu ditzakegun ekoizleak honakoak dira: Astiro Baratza (Hondarribia), Sorburu Baratza (Hondarribia), Garua Okindeagia (Hondarribia) eta lparreko Eztia (Bidasoaldea). BidasoaKm0.eus web orrialdea eskualdeko ekoizle guztiei irekia dago eta hemendik, plataformaren parte izatera gonbidatzen ditugu Bidasoaldeko ekoizleak. Web orrialdearen helburua merkaturatze bideak ireki eta erraztea da, bai eta ekoizleari eguneroko lana erraztea. Hori dela eta, BidasoaKm0.eus web gunea doakoa eta erabilterreza da. Ekoizleek beraiek sortua da, haien beharrei erantzuteko diseinatua, eta ekoizleek beraiek kudeatua.
Era berean, Bidasoaldeko herritar guztiak deitzen ditugu BidasoaKm0.eus web orrialdea ezagutzera eta gure eskualdeko barazki, ezti, ogi eta bestelako produktu zoragarriak dastatzera. Kontsumo arduratsua, osasungarria, bidezkoa eta lokala klik baten eskura, inoiz baino errazago. Web orrialdean erregistratu, eta hasi Bidasoaldean erosten. Eskaria etxean bertan jaso dezakezu Badoa txirrinda kooperatibaren bidez, edo ekoizleak erraztuko dituen banaketa puntuetan jaso.
Denok egiten dugu Bidasoa egunero; Bidasoa gu denok gara, Bidasoa Km0 gu gara.
- Egutegia
- 345 irakurketak
- Castellano