Hondarribiko Udalak zuriketa ariketa berri bat egin du

imagen

ELA Sindikatua.- Irailak 26ean egindako prentsaurrekoan, udalak berriro ere aurpegi garbiketa bat egin nahi izan du, erarik zabarrenean gainera.

Ardura propioa hartu beharrean, langileei leporatu nahi izan die erantzunkizuna. Zoritxarrez, urri hasiera arte beste bilerarik ez egotea beraien utzikeriak sortu du. Enpresarekin bat etorri da denbora pasatzen uzten. Eskutik doaz eta estrategia berdina dute: langileen aldarrikapenak lohitu, udalaren kudeaketa negargarria estaltzen saiatu, eta bitartean ISS Facility Servicek diru publikoa poltsikoratu.

Pasa den astean jazotako gertakarien aurrean udalak hartu duen jarrera izan da katebegi ahulenari eraso egitea. Langileen ordainsaria zabaltzeaz gain, zabal zezaketen adibidez zer pasa den hainbeste aipatu duten partida igoera horrekin. Garbiketako partida bikoiztu zutela esaten dute. Partida horretatik xentimo bat bera ere ez dute garbiketako bertako langileek ikusi. Langile berriak kontratatu zituzten, bertako Hitzarmenaren azpitik ordaindu zieten ( askoz gutxiago), aste beterako kontratuak egin zizkieten, astez aste berritzen zizkietenak. PREKARIETATEAri ateak ireki zizkieten baina beste aldera begiratu zuten ISS Facility Servicek patrikak betetzen zituen bitartean. Horrela gastatu zuten diru publikoa, ia milioi erdiko partida.

Garbitzaileen soldatak zabaltzeaz gain, zabal zezaketen zenbatek daukaten jardunaldi osoa , zenbatek partziala eta zenbatek urte osoko lan jarduna.

Udal Gobernua enpresaren bozeramaile bezala jarri da. Enpresak bidalitako proposamenen publizitatea egiten du. Negoziaketa prozesu batean alderdiek elkarri trukatzen dizkioten proposamenak aurrez aurreko bilera eduki arte ez dira argitaratzen. EAJko taldeari horrek berdin dio, zerbait egiten ari direla antzezteko aukera badute.

Proposamen horrek alderdiak urrundu besterik ez du egiten. Proposamen horren publizitateak erlazioak lohitu besterik ez ditu egiten.

Udal Gobernua guztiz lerratu da enpresarekin. Bere ardura ezabatzeagatik, eta herritarren aurrean zuritzeagatik, langileei eraso egin die.

Baldintza duinetan lanera bueltatzeko desiratzen gauden langileok, borrokan jarraituko dugu. Prekarizatzailea bezain axolagabea den udalatxearen aurrean protestak egiten jarraituko dugu eta ISSren dirua gosea salatzen jarraituko dugu.

Etiquetas: