Bidasoa ospitaleko proiektu berria egin aurretik eskualdeak behar dituen osasun zerbitzuak zehaztu eta adostea eskatu du EH Bilduk

imagen

Bidasoko EH Bildu.- Atzo baieztatu zenez Osasun Sailak bertan behera utzi du Bidasoa ospitaleko bloke kirurgikoa eraberritzeko aurreikusia zuen proiektua eta zerotik hasiko da proiektu berria egiten. Proiektu berrian, gainera, ez da kirofanorik itxiko.

Bidasoko EH Bildun pozez hartu dugu albistea eta argi dugu kalean, Osasun Bidasoa plataformak eta ospitaleko langileek bultzatuta, eta institituzioetan egindako lanaren ondorioa izan dela. Izan ere, guztion artean eta bakoitzak bere eremuan, Osasun Sailaren posizioa bideratzea lortu dugu.

EH Bildun argi dugu Bidasoa ospitaleko bloke kirurgikoa berritu beharra dagoela, baina instituzio desberdinetan salatu genuen larria zela Osasun Sailak eraberritze proiektua langileekin adostu ez izana.

Orain, proiektu berria egingo dela dakigun honetan, Osasun Sailari eskatzen diogu proiektua egin aurretik eskualdeak behar dituen osasun zerbitzuak zehaztu eta adostea, eta horretarako Osakidetzak, kaltetutako udalek eta ospitaleko profesionalek osatuko luketen mahaia sortzea. Gainera, bloke kirurgikoan egin beharreko lanetan kontuan hartu beharreko irizpideak eta obra nola gauzatu ospitaleko langileekin adostea ere ezinbestekoa iruditzen zaigu.

EH Bildun urteak daramatzagu kalitatezko osasun sistema publiko integral eta indartsua aldarrikatzen eta osasun sistemaren sarbidea izan ohi den lehen arretan fokua jartzen. Ez da azken bi urteotako pandemiaren eragina, aspalditik dugun lehentasun politikoa baizik. Lehen arreta sendorik gabe ezinezkoa baita osasun sistema indartsua izatea, eta zentzu honetan ezin dugu ahaztu hainbat urte daramatzagula Irunek hirugarren anbulatorioa behar duela defendatzen. Aurrerantzean ere lanean jarraituko dugu eskualdeak beharrezkoak dituen osasun zerbitzu guztien alde.

Etiquetas: