Irungo Harrera Sareak abisatu nahi du Bidasoan gertaera lazgarri bat berriz gertatzeko baldintzak daudela oraintxe bertan

imagen

Irungo Harrera Sarea.- Irunen, 2022ko irailaren 29a. Azken egunetan Irun eta Hendaia arteko kontrol poliziala gogortu egin dela-eta eta migrazioa segitzeko bide ez seguruak hartzeko baldintzak gauzatzen ari direla salatu nahi dugu. Aldi berean, Hego Euskal Herrian Gurutze Gorriaren baliabidea ahalik eta azkarren uzteko presioak bere horretan jarraitzen du, lehenagotik salatu izan dugun bezala.

Santiago eta Behobiako zubietan egon ohi diren poliziak, nabarmen ohi baino gazteagoak direnak, gehiago estutu dute kontrola pasabidea estutuz konoekin, ilara luzeagoak sortuz, eta hori gutxi ez balitz, poliziaren jarrera desatseginagoa da. Identifikazioa beste aldietan baino gehiago eskatzen ari dira.

Horrez gain, pasa den igandean, Bidasoa ibaiaren ertzean, Irungo Harrera Sareko kide bati laguntza eskatu zioten hainbat migratzailek ibaia gurutzatu ahal izateko. Ez da gertakizun berria, ezta seguruenik azken boladan inguru horietan gertatu den aldi bakarra ere ez. Aurrez, gainera, bide ez seguruak hartu behar izanagatik eta migrazio politika eskasengatik Tessfit Temzide, Abdoulaye Koulibaly, Yaya Karamoko, Sohaibo Billa, Mohamed Kemal, Faycal Kamadouche, identifikatu gabeko pertsona bat, Ibrahim Diallo eta Abdourramane Bah hil dira gure eskualdean.

Irungo Harrera Sareak goizeroko harretan errepikatzen die migratzaileei Bidasoa gurutzatzea arriskutsua dela eta pazientziarekin bide seguruetatik gurutzatu ahal izango dutela. Hala ere, jakin badakigu oraindik bide hori hartzen jarraitzen dutela. Udara honetan ibaiaren isuria baxua izan da eta horrek erraztu egiten die pentsatzea aukera bat dela igerian pasatzea.

Bestalde, Irungo Gurutze Gorriak presioa sartzen die Hilanderaseko baliabideko erabiltzaileei hasieratik esanez hiru gau bakarrik gera daitezkeela eta presio horrek behar baino lehen alde egitera bultzatzen die. Ondorioz, Hendaia eta Biriatura gurutzatzera behartzen dituzte, hala nola eta ahalik-eta azkarren, beraien bizitzak arriskuan jarriz.

Tragan ekainean IHS Eusko Jaurlaritzako EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemoseko ordezkariekin bildu zen eta presio hori kentzea eskatu zitzaien, haien eskumena delako. Hiru hilabete beranduago presioak berdina izaten segitzen du eta hori aldatzeko eskaera egiten diegu berriz ere. Ezinbestekoa da harrera duina egin ahal izateko eta heriotzak prebetzitzeko.

Baldintza hauek horrela jarraitzen baldin badute, aurreikusi daiteke Bidasoa ibaia gurutzatzea migrazio bidea jarraitzeko bideetako bat bilakatu daitekeela, beste behin ere. Aurrekariak badaude eta arriskua begien aurrean dagoela iruditzen zaigu. Dei egiten diegu Ipar eta Hego Euskal Herriko dagozkien erakunde guztiei aurre hartzera eta egoera lazgarriak prebenitzera.

Etiquetas: