Herriaren beharrei nekez erantzungo dien aurrekontu proposamena aurkeztu du PNVk azken aldiz

imagen

Abotsanitz.- Abotsanitzek 38 ekarpen egin ditu aurrekontuek herritarren beharrei erantzun diezaien eta xehetasunak eskatu ditu definiziorik ez duten hamaika partida azaltzeko.

Udal-aurrekontuak erakundearen tresnarik garrantzitsuenetakoa da, urtebeteko epean udal-ekonomia eta -finantzak planifikatzeko eta kudeatzeko balio duelako. Ekitaldian zehar aurreikusten diren diru-sarreren planteamendua egiten da alde batetik eta diru-sarrerak horiek zein gastutara bideratuko diren aurreikusten da.

Aurrekontuen banaketak zehazten du zein diren Udalaren benetako lehentasunak. Orobat, udalerriaren helburuak eta bertan egin beharreko jarduketak zehazten ditu, betiere udal-finantzen beharrezko egonkortasunaren printzipioarekin bat eginda. Garrantzitsua da udal-aurrekontuek bi bertute izatea: Parte-hartzea eta bertsio ulergarrian aurkeztea. Hau da teoria eta hemendik oso urrun dago Hondarribia.

Txomin Sagarzazu Alkate jaunak aurkezturiko azken aurrekontu proposamenak ez du zehazten ze helbururi erantzuten dion eta ez dira definitzen herritarren ekarpenekin egin asmo dituzten iharduera eta proiektuak. Proposamena ulergaitza da udalkideentzat eta zer esanik ez herritarrentzat. Honela, Udal baliabideak modu egokian administratzen direla kontrolatzea ezinezkoa da.

Edukiaren ikuspegitik, aurkeztutako proposamena, Hondarribiko herritarrengan kezka eragiteko modukoa da: Alde batetik, inoizko aurrekontu handiena aurkeztuarren, ez du jasotzen ez KPI ez eta Barne Produktu Gordinaren hainako mailako igoerarik; beraz, aurreko ekitaldiekin alderatuta, ahalmen-ekonomikoa galdu dugu. Bestetik, kontzeptu askok edukirik ez dutela ondoriozta daiteke izan ere aurreko ekitaldietako sarrera eta gastu-eragiketa ia guztiak errepikatzen baitira. Egoera hau argitzeko asmoz 140 partidak definitzeko eskatu dugu baina ez zaigu erantzun…

Abotsanitz Udal Taldeak aldarrikatzen duen aurrekontu eredua programetan oinarritutakoa da; lortu nahi diren helburuak definituta egon behar dira, jarduerak eta funtzioak zehaztuta eta beharrak alderatu eta ebaluatzeko sistema ezarri beharko lirateke. Honela kopuru osoa justifikatzen duen aurrekontua osatuz. Baina, aurrekontua, orokortasunetik ikusteko aukera besterik ez zaigu eskaintzen

Aurrekontuak ikuspegi soziala galdu egin du. Gizarte Zerbitzuetarako bideratutako ekarpenak 750.000 €ko galera bat proposatzen da; ingurumenaren babeserakoak %15ekoa; etxebizitzak alokatzeko dirulaguntza ezabatu da (60.000 €koa); inbertsioen proposamenak ere galera izan du… Aldiz, segurtasunerako, Jaietarako, Kirola eta Turismoa sustatzeko programetan igoera nabarmenak proposatu dira.

Udal gobernuak aurkeztutako proposamena zuzentzeko asmoz, Abotsanitz Udal Taldeak 38 proposamen egin ditu programa hauetan sailkatuak: Hondarribian etxebizitzarako sarbidea errazteko proposamenak daude, Gizarte Politiketan sakontzeko proposamenak, emakume eta gizonen arteko berdintasun politikak burutzeko ekimenak, klima aldaketari aurre egiteko ekimenak, Euskararen erabilera sustatzeko iharduerak egitea, mugikortasun politikak gauzatzeko eta herritarrak aurrekontuen egikaritza modu parte-hartzailean burutzeko, aurrekontu osoaren %2a erabakitzeko aukera izan dezatela.

Etiquetas: