Kepa Ordoki MHB elkarteak Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua Oroimen Demokratikoaren gune izan daitekeela ohartarazi dio Irungo Udalari

irudiak

Kepa Ordoki MHB elkartea.- Bidasoako talde memorialistak kontzentrazio esparrua Oroimen Demokratikoaren gune izateko eskaera luzatu dio Espainiako Gobernuaren Oroimen Demokratikoaren Estatu Idazkaritzari Pequeña Velocidad kontzentrazio esparruari eragiten dioten bi garapen urbanistikoren baitako «alarma gorria» piztu du Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, Irungo Osoko Bilkuran.

Gunea bere horretan mantentzea eskatu du, bertatik igaro ziren milaka presoen «duintasuna errespetatuz». Halaber, gunea eta Aduana Eraikina Frankismoaren Biktimen Memoria Zentroa bilakatzea proposatu du. Etorkizuneko Bidaiarien Tren Geltokitik Sebastian Errazu kalera iritsiko den hiri pasabideak zein Via Irun proiektua garatzeko beharrezkoa den ENTORNO ESTACIÓN eremuaren Hiri Plan Antolamendurako Plan Orokorraren Aldaketak, 1936 – 1942 urteen arteko kontzentrazio esparruaren eraisketa aurreikusten dute. Egoerak sorturiko larritasunaren ondorioz, Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak hitza eskatu du aipaturiko bi puntuen lehen onarpenetan. Tren Geltoki eta Sebastian Errazu kale arteko hiri pasabideari dagokionez, Irungo Udala, EAEko Administrazio Orokorrak eta Adifek hitzarmena sinatzea aurreikusia dago. Honen baitan, eraikuntza proiektuaren erredakzio eta zuzendaritza gauzatuko da, 105.000 euroko kostuagatik. Halaber, lanen exekuzioaren abiapuntu izango da ere, 6.200.000 euroko kostuarekin. Gunearen eraikuntza 2022 -2026 urteen artean gauzatzea aurreikusten du hitzarmenak. Garapen honen parekoa den Irungo Bidaiarien Tren Geltokiaren eraikuntzaren memoriak zehatz-mehatz adierazten du «lanen KONTRATISTAK eraitsiko diren tren instalakuntzen ikerketa historiko arkitektonikoa gauzatu behar du». Horren ostean zehazten dira eraitsi beharreko instalakuntzak. Bertako azken puntuan barnebildu dira «desafektaturiko lurren inguruan, pasarela eraikitzeko beharrezkoak diren tren pabiloiak eta eraikuntzak (biltegi nagusia ...)». Inguru berdinean eta pareko epean, Vía Irun izeneko garapen urbanistikoa burutuko du Irungo Udalak. Horretarako, ezinbestekoa da 0.2.01 ENTORNO ESTACIÓN gunearen Plan Orokorraren aldaketaren hasierako onarpena. Aldaketa honen dokumentu formalean badaude bi dokumentu gakoak direnak. Batetik, “Informe Tecnico Derrivo naves” izenekoa, eta bestetik Kepa Ordoki helarazitako “Pequeña Velocidad, Irungo kontzentrazio sistemaren erdigune”. Azken hau garapen urbanistikoari loturiko ikerketa historiko arkitektonikoari atxikia doakio. Bertan, Kepa Ordoki - MHB elkarteak ohartarazpen zuzena egiten du garaiko kontzentrazio esparruaren existentziaz. Hala ere, egiari zor, Udalak entzungor egin dio Bidasoako talde memorialistak gauzaturiko ohartarazpen askotarikoei, gunearen eraisketa aurreikusiz. Garapen urbanistikoari erantzuna eman nahian, Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkartea hitzetatik ekintzetara igaro da: Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua Oroimen Demokratikoaren gune izendatzea eskatu du. Onartu berri den 20/2022 Memoria Demokratikoaren Legea oinarritzat harturik, legearen 49. eta 50. artikuluak egikaritzea eskatu dio Espainiako Gobernuaren Presidentzia Ministerioaren Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzari. Gunearen deskribapena, izendapena motibatzen duten jazoeren deskribapena, guneari eragiten dizkioten garapen urbanistikoaren azalpena eta gunearentzako kautelazko neurriak barnebiltzen dituen 398 orrialdeko txosten mardula helarazi dio. Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Pequeña Velocidadetik igarotako «presoen duintasunaren aurkako erasotzat» jo du kontzentrazio esparruaren eraisketa proposatu izana. Peli Lekuona, elkarteko idazkariak Osoko Bilkuran burutu duen hitzartzean esparrutik igarotako biktimak izan ditu gogoan. «Pequeña Velocidadetik igarotako pertsonak Frankismoaren biktimak dira. Hala dio zentzu komunak eta onartu berri den Memoria Demokratikoaren Legearen hirugarren artikuluaren b) eta c) puntuek. Pertsona hauen oroimena mantentzeko ezin bestekoa Pequeña Velocidad bere horretan mantentzea, Irunek gogoan izan dezan zer gertatzen zen hiriko tren inguruan, errepikatu ez dadin. Gunea botatzea, bertako errepresioaren frogak ezabatzea da, bertako borreroek nahiko luketen moduan». Hautetsiei hiriko Oroimen Demokratikoaz duten arduraz interpelatu die. «Zuen eskuetan daude hiri honen oroimen politikak. Zuen botoak erakutsiko du zer nolako sentsibilitatea duzuen kontzentrazio esparrutik igaro ziren presoek pairatu zuten errepresioarekiko. Gaur hona etorri gara gure kezka guziona bilakatu dadin. Zuen eskuetan dago. Ardura handi bat duzue». Kautelazko neurriak eta jarrera proposatzailea Pequeña Velocidad kontzentrazio esparruaren egoera bideratzeko, talde memorialistak hainbat kautelazko neurri eskatu dizkio Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzari. Horien artean daude gunea garatu nahi duten ADIF, EAEko Administrazio Orokorrari zein Irungo Udalari Memoria Demokratikoaren Legearen 52. artikuluaz ohartaraztea, “derrigortuak daude, izaera orokorrarekin, gunearen iraunkortasuna, identifikazioa, azalpena eta señaleztapena ezartzera”; gunean jazotako errepresioari buruzko ikerketa independente bat; Eusko Jaurlaritzako Ondare Kulturalaren Zentroak biltegia inbentariatzea zein espazioaren zurkaiztea. Halaber, Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak aurrera begirako proposamenak gauzatu ditu. «Berriki jakin da Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euroko diru laguntza eskaini duela Aduanaren zaharberritzerako. Diru hau ezin aproposagoa da Pequeña Velocidad eta Aduana Eraikina Frankismoaren Biktimen Memoria Zentrua eraikitzeko. Estatuko lehena izango litzake. Memoriaren museo bat, 1936an kolpistek egindako giza eskubideen urraketak salatuko dituena, eta estatu-kolpea baliatu zutenen eta 40 urtez hauteskunde demokratikoak egiteari uko egin eta milaka pertsona jazarri, torturatu eta hil zituen erregimenaren historia kontatuko duena. Nork ukatu dezake halako proposamen bikaina? Oroimen historikoa, Oroimen Demokratikoaren Legea eta gunearen duintasuna errespetatuko dituen garapen urbanistiko bat nahi dugu. Egingarria da, borondate politikoa izanez gero». Irungo kontzentrazio esparru Nagusia Pequeña Velocidad Irunen egon ziren lau kontzentrazio esparruetatik garrantzitsuena izan zen, “Retirada” ostean, Katalunia utzi eta Frantzia zeharkatu zuten soldadu errepublikanoei zegokiena. 1939ko otsailak 13ko, Hierro egunkari frankistaren esanetan, masiboki gurutzatu zen muga. “Durante la noche, 30.000 milicianos, repartidos en veinte trenes especiales han pasado, el puente internacional”. Egoera jasangaitza bilakatu zen eta, Sáez Agero, Bidasoako Komandante Militarrak matxinaturiko Espainiara gauzatu beharreko aberriratzeak Pirinio osoko mugen bitartez egitea eskatu zion Francisco Francoren Burgoseko kuartel nagusiari. Esparrua 1936 - 1942 urteen artean egon zen jardunean. Espainiako kontzentrazio esparru asko 1939. urtean itxi baziren, Pequeña Velocidadek hiru urte gehiago iraun zituen, bertatik igarotzen zen pertsona kopurua dela eta. Gunea txiroa zen, eta presoek egonaldi laburrak burutzen zituzten, gerora La Magdalena, San Pedro de Cardeña edo Miranda de Ebro bezalako kontzentrazio esparruetara bideratzeko. Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak nabarmendu du, Pequeña Velocidad zela «milaka pertsonek pairaturiko errepresioaren abiapunak».

Etiquetas: