Irungo EH Bildu.- Gure taldetik, lehenik eta behin, Alarde Publikoarekin bat egin duten ehundaka herritarrak zoriondu nahi ditugu. Irungo kaleetan sortutako jai giroa harro egoteko modukoa izan zen, eta kaleak bete zituzten irundarren aldetik jasotako babesa, izugarria.
Bide batez, aurten, lehen aldiz Irungo alkatea den Jose Antonio Santanok Alarde Publikoari harrera egin zion Udaletxeko balkoitik. Bertan Irungo EAJ eta Alderdi Popularreko ordezkariak ere izan ziren, lehen aldiz. Emandako pausua positiboki baloratzen dugu, berandu bada ere, berdintasunaren aldeko borrokan guztiok bat egin behar baitugu, eta espero dugu etorkizunean bide honetan aurrerapausoak emango direnaren isla izatea denboran gehiegi luzatutako gatazka honetan. Era berean, penaz hartu dugu Eider Mendoza Ahaldun Nagusi izendatua izan eta bi egunetara Irungo Udaletxeko balkoian egon ez izana, aukera paregabea galdu du Gipuzkoako arduradun gisa irungo jaietan ere emakumeen eskubide berdintasunarekin bere konpromisoa erakusteko.
Izan ere, oraindik bidea egiteke dago; horren erakusle da udalbatzak Aldabe mendian egiten duen botoan, Alarde Publikoan parte hartzen duten kargu publiko, zein herritarrak, bertaratu ahal izateko aukerarik ez ematea. EH Bildutik, herritarren ordezkari politiko gisa, bertan parte hartu ahal izateko ordutegiaren aldaketa eskatu dugu azken bi urte hauetan. Zentzu berean, Udalak Alardea berriro ere antola dezan eskatu dugu behin eta berriro, herriarena den jaia herritar guztiontzat berreskuratzea ezinbestekoa baita.
Azken egunotan normaltasun eta bizikidetzaz asko hitz egin den arren, aurten jaien testuinguruan Irungo emakumeak espazio publikoetatik kanporatuak izan direla gogorarazi nahi dugu. Irunen ekainaren 30aren bueltan gertatzen dena ez da normaltasuna.
Irungo EH Bildutik arduraz jokatzen jarraituko dugu, Irundarrek merezi dugun, eta emakumeen parte hartze askea bermatzen duen jaien alde. Emakumeen eskubideen alde dugun konpromisoa irmoa da, jaietan eta Alardean, horregatik, Irun berdinzale baten eraikuntzan bidelagun izango gaituzue emakumeen eskubideak defendatzeko bidean.