Hondarribiko EH Bildu.- Pasa den ostiralean, irailak 29, bukatu zen indarrean dugun Hondarribiko Udal Antolamendurako Plan Orokorraren hasierako onespenari alegazioak egiteko epea. Gogoratu behar dugu Plan Orokorraren hasierako onespen dokumentua, udal hauteskundeen aurretik onartu zuela EAJ-k, oposizioko hiru talde politikoen aurkako jarrerarekin, tartean EH Bildu.
Orain, tokiko gobernua aldatu den honetan, dokumentu honi alegazioak egiteko denbora gehigarria edukitzeaz gain, dokumentuarekin zer egingo den erabakitzeko aukera ireki da.
Bidegurutze honetan, EH Bilduk egoera honekiko duen jarrera adierazi nahi dugu publikoki, hori izan baita alegazio epe honetan gure ekarpenarekin adierazi duguna:
Alde batetik, Plan Orokorraren hasierako onespen txostenak ez ditu Hondarribiaren behar asko kontutan hartzen, eta hartzen dituen horietan, ez die egoerak eskatzen duen sakontasunarekin erantzuten. Hala nola, etxebizitza publikoaren urgentziazko beharra; mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua hiri barnean zein Irunekiko harremanetan; ur horniduraren azterketaren beharra; aldaketa klimatikoaren aurreko jarrera; demografiaren bilakaera, herritarren eta bertako jardueren azterketa sozioekonomikoa; turismoak suposatzen dituen eraginen inguruko hausnarketa; elikadura subiranotasunaren beharra (baratzak), zaintza publikoa, energiaren kudeaketa etab.
Horregatik Plan Orokorraren hasierako onespeneko dokumentu honen erabat aurka gaude, eta horregatik atzera botatzearen aldeko jarrera irmoa dugu.
Bestalde, kontutan hartuta garrantzitsua dela gure herriak ahalik eta azkarren, herriko behar nagusiei erantzungo dien Hiri Antolamenduko Plan Orokorra indarrean edukitzea, aurkeztutako txostenean EH Bilduren iritziz Plan Orokorrak jarraitu beharko lituzkeen printzipioak eta horien ildotik aurrera eraman beharreko proposamenak aurkeztu ditugu helburu eta eskakizun nagusi batekin:
Argi daitezen zeintzuk diren aukerak gure proposamenak gauzatu ahal izateko. Hau da, noraino bota har den atzera edo moldatu indarrean dagoen onespeneko dokumentua EH Bilduren alegazio txostenean aurkeztutako printzipio eta proposamenak kontutan hartu daitezen.
Printzipioei dagokionez:
Hondarribiko EH Bilduk argi du Plan Orokorrean definitu behar dugun Hondarribia hiri eredu baten isla izan behar duela, alegia, printzipio edota irizpide nagusi baten baitan eraiki behar dela. Guretzako printzipio hori jasangarritasuna da, hau da, Hondarribia berde bat nahi dugu, non bere garapen eta etorkizuneko hiri eredua jasangarria den. Izan ere, indarrean dauden araudi ezberdinek norabide horretan gure ekonomiak, hiriak, lurraldeak.... garatzeko eskakizun zuzena egiten digute, eta Plan Orokorra ezinbestean trantsizio ekologikoa ahalbideratuko duen herri eredu baten baitan eraiki behar da.
Jasangarritasun printzipioa ere esparru ezberdinetan aplikatu daiteke, hala nola, etxebizitzaren kudeaketan, energian, elikaduran, mugikortasunean, ekonomian eta abar luze bat. Horregatik, eta jasangarritasunaren markoa zabala denez, gure iritziz gure orografiak eta herritarren eguneroko mugimenduek eta beharrek zehaztu beharko lukete ditugun baliabideen (lurren) etorkizuneko erabilera. Hau da, kontutan harturik hurrengo egoerak:
- sarrera eta irteera bakarreko hiria garela.
- egunero 10 hondarribiarretik 8 herritik kanpo ikastera edota lanera irteten dela.
- autobusa dela dugun garraio publiko bakarra (Irunen dugu trena eta toporako lotura).
- Amute eta Mendeluko auzoek duten trafiko kopuru jasangaitza.
- turismoak gure herrian duen inpaktu jasangaitza, bai pertsonek sortzen duten okupazioarengatik, etxebizitza turistikoen eraginarengatik, zein turista kopuru handi bat kotxe pribatuan etortzen delako.
- egiten dugun edozein lur okupazio berri, natur guneen artifizializazioa dakarrela.
Ezinbestean Plan Orokorrak errealitate horri erantzun egin behar dio, Hondarribia berdea, jasangarria izateko. Hondarribiko EH Bilduren iritziz, etorkizuneko Hondarribia diseinatzerakoan mugikortasun eredu jasangarria ahalbideratzea lehentasunezkoa izan behar du. Hau da, gure orain arteko ahulgune, indargune bilakatu eta XXI. mendeko hiri eredugarrian bilakatu. Behin mugikortasun beharrak kontutan hartuta, ondoren gainontzeko beharren kokapena definitu beharko litzateke, hala nola, etxebizitzena, hezkuntza, ekonomia, etab.
Eta proposamen eraikitzaileak ditugulako, alegazio txostenean gure jarrera eta printzipioa adierazteaz gain, 21 proposamen zehatz egin ditugu lau arlotan: mugikortasunean (5), etxebizitzaren alorrean (5), Alde Zaharrarentzat (bi arlotan 4 proposamen) eta baita ere naturaguneei dagokienez (7 proposamen). Lehen esan bezala helburu bakarrarekin: argitu dadila noraino bota behar den atzera edota moldatu indarrean dagoen Plan Orokorra gure proposamenek kontutan hartzeko aukera izan dezaten.