Eguzki talde ekologista.- Hondarribiko HAPOri alegazioak jartzeko epe barruan, Eguzki talde ekologistak 3 alegazio aurkeztu ditu. Gobernu talde berriak epea luzatzeaz gain, bitartekoak eskaini ditu dokumentua hobeto ulertzeko, eta beraz, erakutsitako jarrera hori txalotu nahi dugu.
Sartutako 3 alegazioak ingurumenarekin lotuta daude, hori baita gure taldeak lantzen duen esparrua.
Horietako batek korredore ekologikoarekin zerikusi dauka. Dokumentuan dagoen dokumentazioa aztertu eta gero, bi gauza eskatu ditugu, alde batetik, korredoreari eta bere moteltze-guneari ahalik eta azalera gehien ematea, eta bestetik, GI-636 errepidea nola igarotzen duen planoetan argi azaltzea.
Bigarrenean, zenbait eskaera egin ditugu aurkezten den bidegorriaren proposamenaren inguruan, hau da, KBE eta HBEB guneen eremu sentsibleetatik trazadura ekiditea, Gipuzkoako Bizikleta planaren ardatz nagusiarekin bat egiten duen zatia zabalera handitzea eta abar.
Eta azkenean, eskatu dugu HAPOn kontuan har dadila klima-aldaketak itzulera-aldietan duen eragina, eta eguneratuta eta bizi dugun errealitate berrira egokituta egon daitezela. Aurrekoa ezin bada egin, erantzukizunari eustea eta prebentzioa lehenestea, eta ondorioz, uholde-arrisku eremuetan eraikuntza-proiekturik ez gauzatzea.