Abotsanitzen balorazioa udal hauteskundeen ondoren

abotsanitzeko zinegotziak

Abotsanitz.- 28 urteren ondoren, aldaketaren momentua iritsi da. Gauza asko zeuden mahai gainean: hiri-eredua, pertsonen zaintza, administrazioaren eta pertsonen arteko komunikazioa, etab. Alfonbra azpian ere beste hainbat gauza agertuko dira, baina horiek oraindik ez ditugu ezagutzen. Urte luzez konpondu gabeko arazoak berbideratzeko momentua iritsi da.

Abotsanitzen arrakastaren gakoa jendarte zabalagoa biltzea lortu izana da. Alderdi handiekiko dugun independentziak ahalbideratu du fenomeno hau. Abotsanitzek, debatea herri mailan zentratzen du eta maila honetan hiritarrean ikuspegia askoz ere sozialagoa da. Egunerokoan eragiten diguten erabakiak gertutasunetik hartzen dira.

Urte luzeetako, kolore bakarreko gobernua herritarrengandik urruntzen joan da haustura eman den arte. Gobernu taldearen jarrerak eta hartutako norabideak ez ditu herritarrak asetu. Garai berriei aurre egiteko eredu aldaketa bat eskatu dute herritarrek: Hondarribitarrak aintzat hartuko dituena, hurbilagoa eta anitzagoa. Aldarri honi erantzuteko gure helburua da gobernantza eredu berri bat ezartzea, partehartzailea eta anitza.

Beste taldeekin negoziaizio bilerak

Aipatutako helburu honekin, ordezkaritza lortu duten gainontzeko alderdi politikoekin lehenengo bilera txanda burutu dugu dagoeneko. Bilera hauen xedea ez da erabakiak hartzea izan, baizik etapa berrirako asmoak partekatzea eta ordezkari bakoitzaren eta udal taldeen ekarpena non eta zein izan daitekeenaren inguruko hausnarketa egitea izan da.

Bigarren bilera txanda Ekainak 17an ospatuko den bilkuraren aurretik egitea adostu dugu talde guztiok udalbatza berriaren zehaztapenean sakontzen hasteko.

Herri Batzarra

Gure nortasunaren oinarrian dago herri batzarra. Aurrerantzean ere horrela izango da. Udal mailan egingo den lanak ez du herrigintzan egingo den lana ahulduko. Lanketa hau elikatzen jarraituko dugu eta parte hartzeko gogoa duen oro ongi etorria izango da.

Hauteskundeen balorazio bat egiteko eta hurrengo pausuez aritzeko Herri batzar bat deitu dugu ostegun honetan, Ekainak 8, arratsaldeko 19:00tan Kultur Etxeko 103.gelan.

Etiquetas: