Konponbiderako oinarriak jartzeko garaia

Ezin baduzu bideoa ikusi, egin klik hemen instantzia berri bat bilatzeko

Hondarribiko EH Bildu.- Irailaren 8a ate joka dugun honetan, Hondarribiko EH Bilduk alardeari dagokion irakurketa egin eta bere jarrera azaldu nahi du.

Guk nahiko genukeen baino askoz luzeagoa izaten ari den prozesu baten ondorioz zerbait aldatzen ari da gure herrian.

Gero eta gehiago dira alarde publiko, parekide eta bakarraren aldeko ahotsak. Duela 26 urte guk egin genuen hautua gero eta hedatuago dago, eta udaletxean emandako aldaketa politikoak helburu hori lortzeko aukera paregabea eskaintzen du. Behingoz, elkarrizketarako mahai bat osatu eta 26 urteko gatazkari bukaera emateko aukera garbia daukagu legegintzaldi honetan.

Aurtengo alardeari dagokionez, EH Bildutik konponbidearen aldeko keinua egingo dugu. Hori dela eta, gure bi zinegotziak elizako eskaileretan egongo dira Jaizkibel Konpainiari historian lehenengo aldiz Hondarribiko Udalak egingo dion harrera ofizialean. Guk une historiko horren parte izan nahi dugu, 26 urte hauetan argi izan dugulako zein den helburua, eta garai hartan egindako hautua indartuta dakusagulako gaur egun.

Gauza bat ere argitu nahi dugu. Gobernu taldetik alarde baztertzaileari harrera egitea eskatu bazaigu ere, koherentziaz jokatuta, ez diogu harrerarik egingo. Harrera egiteak jarrera matxista baten konplize izatea dakarrelako. Izan ere, guk alarde publiko, parekide eta bakarra lortu arte lan egingo dugu.

Horrez gainera, azpimarratu nahi dugu udaletxeko arkupean urtero-urtero Jaizkibel Konpainiak deitu ohi duen elkarretaratzean izango direla EH Bilduko gainontzeko ordezkariak, mugimendu feministako eta emakumeen giza eskubideen aldarrikapenen alde lan egiten duten eragileekin batera.

Irailaren 8an egingo dugun keinu honek balio dezala 9tik aurrera konponbidearen alde urratsak emateko.

Izan bedi legealdi hau ¡railaren 8an hondarribiar guztiak era zoriontsuan batzea lortuko duena.

Etiquetas: