Ireki zubiak. Elkartasuna eraiki

irudia

Azken egunotan gezurrezko mugen irekitzea eta berriro ixtearen ondotik, zera adierazi nahi dugu. Mugen itxierak eta etengebeko kanporaketa eta kontrol arrazistek giza eskubideak, migranteen eskubideak, estatuek sinatutako itunak, urratzen dituzte. Hildakoak eragiten dituzte.

Egoera hau dela eta gaurdaino 9 lagun hil dira Bidasoaldean. Ez dira ezbeharrak izan, heriotza horiek ekidin zitezkeen. Berriro diogu. Europar Batasunak eta Frantziako eta Espainiako estatuek aplikatzen dituzten migrazio politika arrazistak dira eragile zuzenak.

Bidasoaldean eskubide guztiak kentzen zaizkie pertsona migranteei. Zirkulazio askatasuna, modu seguruan bidaiatu ahal izateko eskubidea, harrera duina; zonaldea militarizatu dute, pasabideak oztopatu. Bertan bizi garenoi ere eguneroko bizitza baldintzatzen digute. Estatutei eta gobernatzen gaituzten erakundeei ozen galdegiten diegu lan egin dezaten eskubideen urraketa eta kontrolpeko egoera honekin amaitzeko:

Behar ditugu:

  1. Zirkulazio askatasuna eta bide seguruak guztiontzat: Zubiak behin betiko ireki ditzatela eskatzen dugu. Joan den egunotako antzerkia lotsagarria izan da.

    2020tik Bidasoaldea zonalde kontrolatua eta militarizatua da. Berriki jakin dugu uda honetan droneak baliatuko dituztela pertsonen ehizarako.

    Pertsona migranteen giza eskubideak etengabe zapaltzen dituzte estatu frantses eta espainolak. Baina gure herriak harrera herriak dira.

    Pasa den azaroaren batean, eragile, elkarte, sindikatu eta alderdietako kideek oinezkoen zubia ireki genuen egoeraren zentzugabekeria salatzeko. Aste honetako antzerkiak erakutsi du bakoitza bere aldetik ibilita ez

    dugula ezer lortuko. Beraz premiazkoa da jendartea eta alderdi politiko guztietako ordezkariak elkarrekin lanean hastea, migrazio politika arrazista eta hiltzaile hauekin bukatzeko.

    Pertsona migranteen eskubideak gureak ere badira. Estatuek zaurgarrienen eta guztion eskubideak urratzen dituzte. Beraiek emaniko legeak urratzen dituzte. Ez dugu amore emango.

  2. Elkartasuna ez da delitua: pertsona migranteen jazarpenari, elkarte solidarioetako kideen jazarpena gehitzen zaio. Baina, Frantziako estatuak legez aitortu zuen 2018an elkartasuna ez dela delitua. Bere hitza jaten dute berriz ere.

Hau guztiagatik, hemen bildu garen elkarteek datorren uztaila 22rako hitzordua egiten dugu eta deitzen ditugu Bidasoaldeko jendartea eta hautetsiak mugen irekitzea exijitzeko.

Bidasoa-Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, Diakité-Etorkinekin federazioa, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bagera-Nous Sommes, SOS Racismo, BIZI, LAB, FSU, Solidaires, Les Vertes, Parti Anticapitaliste eta EH Bildu

Etiquetas: