argia.eus.- 2010eko maiatzean ireki genuen dokumentalen txokoa Argian. Pretentsio handirik gabe hasi ginen, baina jakitun ginen horren beharra egon bazegoela: euskarazko ikus-entzunezkoen zabalpenean eta antolaketan hutsune handia zegoen.
13 urte eta erdi pasa dira eta konturatzerako, txirriki-txarraka, pasa den ostiralean 500garren dokumentala sareratu dugu ARGIAn. Ez da kopuru makala, ezta?
Euskarazko dokumentalen txokorik handiena
Dokumentalen kanalak helburu bikoitza du: euskarazko lanei eta sortzaileei zabalpena ematea eta lan horiek euskaldun guztien eskura era txukunean eskaintzea.
15 egunean behin lan bat argitaratzen hasi ginen, baina ikusita sortzaile eta ikusleen harrera ona, ostiralero dokumental bat sareratzen saiatu ginen, baita lortu ere. Horretarako bi dira baldintzak. Batetik, lana kalitate eta interesa aldetik txukuna izatea (bai, badakigu guztiz subjektiboa dela). Eta bestetik, euskaldun guztiok ulertzeko modukoa izatea. Alegia, dokumentala osorik euskaraz izatea edo euskarazko azpidatziekin. Lan baten berri eman nahi badiguzue: multimedia@argia.eus
500 dokumental sareratu ditugu.
Denak euskaraz. Denak pertsona ororentzat ikusgai, doan: ARGIAko DOKUMENTALEN KANALA
Milesker ARGIAko kide guztiei zuen diru ekarpenek posible egiten dutelako hau bezalako proiektuak sortzea eta mantentzea. Oraindik ARGIAkoa ez bazara, animatzen zaitugu pausoa ematera: EGIN ARGIAKOA
Eskerrik asko sortzaile guztiei, sarera publikoki igo edota ARGIAra zuzenean bidali dizkiguzuen lanengatik!
Euskarazko sorkuntzari leiho hau eskaintzen jarraituko dugu.