Abotsanitz.- Abotsanitz Herri Batzarraren Facebook orria salatu du norbaitek edo norbaitzuk, hauteskunde garaian. Egin duenak edo egin dutenek bazekiten zertan ari ziren, izan ere horrelakoetan Facebookek salatutakoaren orria izoztuta uzten baitu. Salaketa aztertzeko 21 egunerarteko epea hartzen du sare sozialaren administratzaileak; gure kasuan, hauteskunde kanpaina amaitzen den egunerarte.
Abotsanitzek ez du Facebooken oinarrien inolako urraketarik egin eta ziur gaude orria berreskuratuko dugula, baina salatu duenak bazekien 21 egunez gure orria izozteko aukera izango zuela.
Abotsanitzek egindako lanketa herritarren artean hedatzeko erabiltzen duen tresna da. Hori da, hain zuzen, sare sozialek duten balio handiena. Are gehiago, hauteskunde garaian datozen urteetarako lanketaren proposamenak egiteko tresna garrantzitsua da.
Abotsanitzek ez du ohiko komunikabideetan, prentsa, irratia, telebista eta horrelakoetan eguneroko bozgorailurik. Herritik herrirako lanketa egiten dugu. Eskualdeko komunikabideak dira oiartzuna ematen digutenak eta beraiekiko oso esker onekoak gara. Baina sare sozialak ere oso garrantzitsuak dira gurea bezelako talde txikientzat.
Adierazpen askatasunaren oinarrian eta bereziki hauteskunde garaian izanik, talde guztiok aukera berdintasunean jarduteko aukera izan dezagun, salaketa jarri duenari edo dutenei salaketa hori lehen bait lehen erretiratzea exijitzen diogu.
Gertatzen dena gertatzen dela, Abotsanitzek Hondarribiaren aldeko lanketan burubelarri jarraituko duela oso garbi dugu. Bidean zailtasunak jartzen badizkigute ere, ez gara isilduko!
- Egutegia
- 59 irakurketak
- Castellano