"Bidasoa Kooperatuz” Saria Balio Kooperatiboei Behe Bidasoan

Kooperatuz

BDSKoop.- BDSKoop Eraldaketa Fabrika elkartea gara. Bidasoaldean Ekonomia Soziala sustatzea bilatzen dugu, eta horretarako hainbat ekinbide jartzen ditugu martxan.

Horien artean, gaur prentsaurrean aurkeztu dugun zazpi balio kooperatiboei saria aurkeztu nahi dugu; Eusko dJaurlaritzako Gizarte Ekonomiako sailaren babesarekin antolatu dugun "Bidasoa Kooperatuz”. 1500 euroko bi sari banatuko ditugu Behe Bidasoan balio kooperatiboak aplikatze aldera, aurten eta aurreko urteetan, neurri, tresna, proiektu edo egiturak garatu dituzten kooperatiba eta lan sozietateel.

Zazpi balio kooperatiboak Kooperatiben Aliantza Internazionalak adostu eta ezarri zituen 1895ean, eta Euskadiko Kooperatiben Legeak berak barnebiltzen dituen balioak dira. Balio hauek gizarte ekonomiako erakundeen jardueraren oinarri dira. Honakoak dira zazpi balio kooperatiboak: kideen kudeaketa demokratikoa, kidetza irekia eta borondatezkoa, kideen parte hartze ekonomiko beharrezkoa, autonomia eta independentzia, kooperatiben arteko lankidetza, komunitatearekin konpromisoa, hezkuntza, formakuntza eta informazioa bermatzea.

Balio hauek ezagutzera eman nahi ditugu, praktikan gure eskualdean nola gauzatzen diren jakin, balioan jarri eta behar duen oihartzuna emateko. Gure eskualdean 100 kooperatiba eta lan sozietatetik gora daude, eta hauen eguneroko lana ikusgarri egin nahi dugu.

Lehiaketan parte hartzeko baldintzak, beraz, kooperatiba edo lan sozietatea izatea eta Behe Bidasoakoa izatea (Irun edota Hondarribia) dira. Lehiaketan parte hartzeko, bdskoop.eus/bidasoa-kooperatuz/ web orrialdean eskegita dagoen galdetegia bete besterik ez da egin behar. Erreza eta azkarra da. Aukera eman nahi dugu balio kooperatiboen inguruan hausnartzeko, baina baita parte hartzea sustatzeko.

Galdetegia osatzeko aukera otsailaren 14tik, martxoaren l5era izango da zabalik. Behin epea bukatuta, jasotako erantzun guztiak epaimahai kualifikatu bati helaraziko zaizkio, eta honek hartuko du erabakia.

Bi sari egongo dira:

  1. Balio kooperatiboen betetzea barrura begira: IZAERA DEMOKRATIKOARI SARIA, 1500 eurokoa, eta
  2. Balio Kooperatiboen betetzea kanpora begira: KOMUNITATE eta BESTE KOOPERATIBEKIKO LANKIDETZA ETA INTERESA SARIA, 1500 eurokoa.

Irabazleak www.bdskoop.eus web orrialdearen bidez emango dira ezagutzera.

Etiquetas: