Erabilera anitzeko pabiloian emandako aurrerapausoen balioa nabarmendu du Irungo EH Bilduk

EH bildu Irun

Irungo EH Bildu.- 2022an EH Bilduk erabilera anitzeko pabiloi bat eraikitzeko proposamena eta beharra mahaigaineratu arren, Irungo Udalak ukatu egin zuen. Proiektua behin eta berriro aldarrikatu ondoren, aste honetan Jose Antonio Santanok gure ideia aintzat hartu eta pabiloia errealitate bihurtzeko lehen urratsak eman dituela irakurtzeaz poztu da Irungo EH Bildu.

Koalizio abertzaleak pabiloiaren proposamena kirol plan baten baitan egotea premiazkoa dela aipatu zuen. Azpiegitura eraikitzeko aurrerapausoak emateaz gain, egingo den erabileraren plangintza bat diseinatu beharra dago; egungo eta etorkizuneko beharrak asetuko dituen espazioa izan dadin.

"Helburua Irungo herriari ekarpena egingo dion espazio bat eraikitzea izan behar du. Ezin dugu hutsik egongo den instalazio handi baten aldeko apusturik egin. Horregatik ezinbestekoa da eraikinaren tramiteekin batera pabiloia beteko duen edukiaren plangintza bat diseinatzea, eta Irungo kirol klubek proiektua ezagutzeaz gain, bertan ekarpena egiteko aukera izatea eskatzen diogu Jose Antonio Santanori.

Orain dela hilabete batzuk proposamena ukatu arren, azkenean pabiloiaren beharraz jabetu izana eskertu diote Irungo Udalari, eta hiriarentzako onuragarria izango den proiektua izatea aldarrikatu dute.

"Irungo kirol instalazioetan gabezia handiak ditugu. Gaur gaurkoz, Irungo kirol klubek ez dute euren egunerokotasuna aurrera eramateko espazio nahikorik. Bide batez, herritarrek ere ez dute leku estalietan kirola libreki praktikatzeko aukerarik. Pabiloi honek gabezia horiek estali beharko lituzkeela defendatzen dugu."

Etiquetas: