Abotsanitzek 2023ko udal hauteskundeak izpide izango dituen bilera irekia antolatu du

Bilera irekia

Abotsanitz.- Abotsanitz jaio zenetik, beti saiatu izan da herritarren beharrak jasotzen eta proposamen horiek agenda politikoan txertatzen.

Horrela egin izan dugu azken urteetan jorratutako “Auzoka” kanpainarekin edota herriko eragile ezberdinekin izandako hainbat bilerekin; elkarrizketa horietatik ateratako ideiak zein proposamenak izan baitira guretzat oinarri, dozenaka mozio eta aurrekontuetako proposamen ugari egiterako garaian.

Kasu honetan, 2023ko udaberrian edukiko ditugun Udal Hauteskundeak izango ditugu aipagai. Orain artean egindako lan-ildo nagusien azalpen laburtua egingo dugu, etxebizitzaren problematikatik hasita (VPO vs Etxebizitza pribatuak, “Hondarribian Bizi Nahi Dugu” kanpaina, etab.), Alardea eta Berdintasun alorreko gertakariak aipatuz, Ekonomia eta Hondarribiko Lan Merkatuaren inguruko hausnarketak plazaratuz eta amaitzeko, Udal Kudeaketaren egoera (Gardentasuna, Altxortegi gerakina, ematen diren zerbitzu publikoak etab.) mahai gainean jarriko ditugu.

Horretaz aparte, Hondarribiarrek izan ditzaketen ideiak, proposamenak, iradokizunak zein kexuak jakin nahi genituzke ere, parte-hartze aktiboa sustatuz, gure lanketa politikoaren oinarri izan dadin herritarren ahotsa. Honegatik guztiagatik animatu nahi zaituztegu, ostegunean, hilaren 26ean, 19:00tatik aurrera, Kultur Etxeko areto nagusian egingo dugun bilera irekian parte hartzera!

Etiquetas: