Oldarraldi judizialaren aurka, azaroaren 4an manifestazioa Bilbon

Momento de la presentación

Azaroaren 4an euskalgintzak deitutako MANIFESTAZIOA egingo da Bilbon, 17:00etan, Euskaldunatik abiatuta.

Azkenaldian areagotu egin dira auzitegietatik euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak: Uliazpi, Laudio, Barakaldo, Uharte, Erandio, Berriozar, Atarrabia, Orkoien...

Eta gurean ere bai:

2021ean, Irungo hamabi udaltzain lanpostutarako delaldietan euskaraz jakiteko eskakizuna onartu zuen udalak, eta erabaki horren aurka salaketa jarri zuen CCOOk. EAEko Auzitegi Nagusiko epaileak argudiatu zuen eskakizun hori «diskriminatzailea» zela euskara ez dakitenentzat.

Irungo Udalak helegitea aurkeztu, baina ezetsi egin zuen Auzitegi Gorenak ¡azko irailean.

Geroztik beste asko etorri dira, eta badirudi gehiago irits daitezkeela. Horregatik, eskualdeko euskalgintzako eragileok bat egin dugu, Euskararen kontrako oldarraldi judiziala salatzeko: hemen elkartu gara Irungo AEK, Mintzaian Hendaiako euskara taldea, Betti Gotti euskal kultur elkartea, Irunabar Irungo bertsoaren bilgunea, Blagan Hondarribiko euskara elkartea eta Aitzondo Irungo euskara taldea.

Argi dago ez direla sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza eskubideak murrizteko joera gorakorra: oldarraldi bat. Izan ere, sententzia guztiek elementu komun bat dute: gazteleraren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza eskubideen gainetik, eta beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan.

Horregatik, azaroaren 4ko manifestazioa euskalgintzak deitu duen arren, hizkuntza aniztasunean, justizian eta berdintasun sozialean sinesten duten pertsona eta kolektibo guztiei deia egiten diegu oldarraldiaren aurrean euskararekin bat egitera, euskaraz bat izatera. Tokian toki eta sektorez sektore manifestazioaren zabalpena egiteko deia ere egiten dugu azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzeko. Guztion indarra beharko dugu herritar guztion eskubideen aldeko erantzun sendoa emateko.

Hendaia, Hondarribi eta Irungo herritar guztiei deia egin nahi diegu azaroaren 4rako, eta autobus bat antolatu dugu Bilbora joateko: 14:30ean pasako da Hendaiatik, Santiago Zubiaren ondoan dagoen Philippe Roy okindegi paretik; 14:45ean Irungo San Juan plazatik; eta 15:00etan Hondarribitik, Ama Guadalupe ikastetxe paretik. Lekua hartzeko, idatzi irun@aek.eus helbidera, edo deitu edo idatzi 688746633 zenbakira. Anima zaitez!

Logoak

Etiquetas: