ELA Sindikatua.- Gipuzkoako Merkal Calzados enpresako langileek 200 egun daramatzate greban, enpresak uko egin diolako plantillaren eskaerak jasoko dituen hitzarmen propioa negoziatzeari. Ordutegiek ez dute asteko atsedenerako eskubidea errespetatzen eta enpresak ez du onartzen langileen antzinatasuna.
Gipuzkoako MerkalCalzados enpresako langileek 200 egun egin dituzte greban, hitzarmen kolektibo duin baten alde. Negoziazioetan aurrerapen batzuk lortu diren arren, gatazkak geldirik jarraitzen du, enpresak proposamen onargarririk ez duelako egin. Gauzak horrela, ELAk greba mugagabea mantentzea erabaki du.
Gatazka hasi zenetik, helburu nagusia argia izan da: hitzarmen kolektibo duina lortzea. Aldarrikapen nagusietako bat antzinatasun plusa ezartzea da. Plus hori konpentsazio ekonomikoa izateaz gain, ibilbide profesionala, ahalegina eta esperientzia aitortzea ere bada, eta enpresak ez du hori aintzat hartu nahi izan orain arte. Gainera, atsedenerako eskubidea errespetatuko duten ordutegiak ere airean jarraitzen dute.
Enpresarekin azken aldiz azaroaren 15ean izan zen bilera, eta bertan argi geratu zen ez dagoela prest gatazka honi irtenbidea emateko. Egoera horren aurrean, ELAk lanean jarraituko du negoziazio bat ireki dadin eta gatazka hori konpon dadin. Bien bitartean, grebak eta mobilizazioek aurrera jarraitzen dute.