Deialdia: Irungo Txingudi Merkataritza Zentroan, Merkal Calzados eta Decathlon

Decathlon

ELA Sindikatua.- Larunbatean, ekainaren 8an, Irungo Txingudi Merkataritza zentroan bi ekimen berezi egingo dituzte Merkal Calzadoseko grebalariek eta Decathloneko langileek.

Decathlon: prekaritatearen ginkana

Irungo Decathloneko langileek hirugarren lanuzte eguna izango dute larunbatean. Lehen lanuztea 11:00-13:00 artean egingo dute, bigarrena 17:00-19:00 artean.

50 langileren bueltako plantilla du Irungo Decathlonek. ELAk du ordezkaritzaren gehiengoa eta abendutik daramate enpresarekin bildu nahiean. Gaur gaurkoz ez dute bilera bakar bat ere egitea lortu.

Lan baldintza eskasak salatzeko, larunbatean "prekarietatearen ginkana" egingo dute lehen lanuztean, 11:00etan.

Merkal Calzados: Prekaritatearen bingoa

Merkal Calzadosen hirugarren greba hilabetea beteko dute ekainean, langileek hitzarmena negoziatzeko enpresak jartzen ari dizkieten oztopoak direla eta. 50 langile inguruk osatzen dute Gipuzkoako Merkal Calzadoseko plantilla (ELAk bost ordezkariak ditu), eta negoziazioan ez aurrera, ez atzera daudenez, ekaineko astelehen, ostiral eta larunbat guztietan greba egiten jarraitzea erabaki dute.

Antzinatasun handiko langileak dira, 10, 20 eta 30 urtez Merkal Calzadosen aritutakoak.

Urteetako lana aintzat hartzea eskatzen dute, baita kontziliaketarako neurriak ere, izan ere, urteko larunbat guztietan lan egin behar dute eta libre dauzkaten larunbat bakanak (lau) ezin dituzte askatasunez aukeratu.

Hori guztia salatzeko, 'antzerki' emanaldi bat egingo dute, goizeko 12:00etan. Prekaritatearen bingoa egingo dute euren lan baldintza kaskarrak salatzeko.

Irungo Txingudi Mertaritza gunea

  • 11:00h Decathlon Prekaritatearen ginkana
  • 12:00h Merkal Calzados Prekaritatearen bingoa

Etiquetas: